Markina-Xemein, Euskal Herriko Herriartekoaren txapeldun
Markina-Xemeingo Zesta Eskolako puntistek Euskal Herriko Zesta-Puntako Herriarteko txapela jantzi dute asteburuan, Mutrikuko Danok Bat Pelotazale Eskolakoei 2-1 irabazi ondoren. Txapelketa bariku [uztailak 12] arratsaldean jokatu zuten Zumaiako Aitzuri pilotalekuan.

Markina-Xemeingo kideak oso pozik agertu dira garaipenagaz. “Espero zen modura, txapela irabazteko gakoa gazte mailan egon da. Mutrikuarrei ere zorionak eman nahi dizkiegu. Txapelketa zoragarria egin dute. Eta finalean ere maila ikusgarri erakutsi dute”.
Jaialdia kadete mailako norgehiagokarekin hasi zen. Lehiaren lehen puntua mutrikuarrek irabazi zuten. Eñaut Urreisti eta Alain Basterretxea mutrikuarrak fin ibili ziren, eta nagusitasun osoz 30-10 irabazi zuten Markina-Xemeingo Aner Arakistainen eta Luken Iriondoren aurka. Gazte mailan, berriz, Markina-Xemeingo Alex Goitiandiak eta Gorka Mugartegi Atain-ek lortu zuten txapelketa berdintzeko puntua. 30-18 irabazi zuten Zuhaitz Arrillagaren eta Aratz Mendizabal Goixerri-ren aurka.
Azkenik, nagusi mailan erabaki zen txapelketa. Markina-Xemeingo Jokin Arbek eta Jon Mandiolak 30-22 irabazi zien Mutrikuko Aitor Andonegiri eta Mikel Manzisidorri. Markina-Xemeingo ordezkariek aitortu dutenez, azken puntua lortzea zaila izan zen. “Partidua hasi -eta gutxira, Arberi zesta apurtu zitzaion; errebote batean pilotaren bila atera zenean zestaren puntagaz lurra jo zuen, eta zesta nahikoa hondatuta geratu zen. Hori dela eta, ohikoa baino kontu handiagoagaz jokatu behar izan zuen”.