Txema Landak eta Gadea Ibarlozak irabazi dute Lekeitioko Santa Katalina SUP Txallengea
Amateur mailako azkarrenak, berriz, Eneko Gil eta Sheila La Peña izan dira. Txiki mailako estropadan Aetz Ibarloza ondarrutarra nagusitu da.

Barrika Surf Camp taldeko Txema Landak eta Ondarroako Eskilantxarri Ur Kirol Elkarteko Gadea Ibarlozak irabazi dute Lekeitioko Santa Katalina SUP Txallengea, Open Water 14 kategorian. Landak bigarren urtez jarraian irabazi du Lekeitioko txapelketa, eta Ibarlozak, berriz, iazko marka hobetu du; ondarrutarrak, zehatz esanda, hirugarren amaitu zuen.
Lekeitioko Hegaluze Arrantza Elkarteak antolatu zuen kirol proba, eta azaldu dutenez, Open Water 14 kategorian hamabost lagunek egin zuten 10 bat kilometroko estropada. Sailkapenari dagokioenez, gizonezkoetan, Asier Aristizabalek eta Alvaro Hermidak osatu zuten podiuma. Emakumezkoetan, aldiz, Ainhize Muñoa eta Mertxe Ortega sailkatu ziren bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren.
Paddle lasterketa zapatuan [uztailak 13] jokatu zen Lekeitio eta inguruko uretan, eta Open Water kategoriako lasterketaz gain, amateur eta txiki mailako probak ere lehiatu zituzten. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, 65 lagunek parte hartu zuten proban, giro ezinhobean. “Dena oso ondo joan zen”.
Open Water kategoriako estropadaren atzetik amateur mailakoa egin zuten. 36 lagunek parte hartu zuten, eta Marierrotatik abiatuta, 6 kilometroko distantzia osatzen lehenengoak Eneko Gil eta Sheila La Peña izan ziren. Gizonezkoetan Esteban Gilek eta Aingeru Ursuak osatu zuten podiuma eta emakumezkoetan, Alma Pachonek eta Elena Caviak. Azkenik, txiki mailako hamalaur arraunlarik kilometro bateko distantzia osatu behar izan zuten. Horietan azkarrena Aetz Ibarloza ondarrutarra izan zen. Atzetik sailkatu ziren, hurrenez hurren, Julen Ramos eta Ane Garcia.