Haizea Martiartuk bere azken proiektua aurkeztuko du Markina-Xemeingo III. Jazzaldian
Egueneteik [uztailaren 18a] zapatura [uztaiularen 20a] egingo dute jazz jaialdia Uhagon kulturgunean. Haizea Martiartu saxofoi jotzaileaz gain, Ghost Number & His Tipsy Gypsies eta Broken Brothers Brass Band taldeek ere eskainiko dituzte kontzertuak.
Hirugarren urtez, udako iluntzeak girotzeko asmoz antolatu du Uhagon kulturguneak Jazzaldia Markina-Xemeinen. Aurten, protagonista nagusia jaialdia itxiko duen Haizea Martiartu Garcia musikari markina-xemeindarra izango da.
Aurreko urteetako “harrera ezin hobea ikusita”, aurten ere herritarrek galdu ezineko hitzordua izango dute eguenetik [uztailaren 18a] zapatura bitartean [uztailaren 20a]. “Ilusio eta mimo handiz” prestatu dute antolatzaileek Jazzaldia, eta egitaraua da horren lekuko. Hiru egunetan “jazzaren baitako hiru estilo oso ezberdin” entzuteko aukera izango dute bizilagunek herriko kaleetan zein Uhagonen, doan.
Bigarren aldiz arituko da Martiartu saxofoi-jolea Markina-Xemeingo Jazzaldian, larunbatean, baina oraingo honetan euskal musika herrikoia oinarri duen proiektu pertsonala aurkeztuko du: Folketik Jazzera. “Ilusio handia egiten dit berriz ere etxean jo ahal izateak, baina errespetua ere ematen dit. Izan ere, euskal kulturan oso ezagunak diren kanten moldaketak interpretatuko ditut, denek ezagutzen dituztenak, eta askotan, estilo aldaketa hauek sorpresa eragiten dute askorengan”. Horrez gain, euskal folklorearen soinuetatik abiatutako konposizio propioak ere interpretatuko ditu musikari gazteak.
Orain dela urte eta erdi, kontserbatorioan konposatzen hasi zenean konturatu zen Martiartu berak sortutako doinuek euskal folklorearen eragin zuzena zutela, eta “eragin hori adierazi beharra” sentitu zuen: “Euskal musika gustuko dut, baina ez da gehien entzuten dudana. Hala ere, kantak gure kulturaren parte direnez, nahi gabe ateratzen zitzaizkidan erreferentziak”.
Era honetako proiektuek “euskal kultura bultzatzen” laguntzten dutela adierazi du markina-xemeindarrak, horregatik, “hau balorean jarri eta omendu” nahi du bere proiektuak. Martiartuk saxofoi altu eta sopranoa joko ditu, eta pianoa, bateria eta kontrabaxua izango ditu aldamenean Uhagon kulturguneko terrazan.
Aurretiko egitaraua. Arkupe aurrean hasita, kalez kale arituko da 19:30etik aurrera Broken Brothers Brass Band talde nafarra, eguenean. Hamar lagunek osatzen dute taldea, eta hainbat jaialdi garrantzitsutan jo dute: Donostia, Getxo, Zaragoza edota Iruñajo jazzaldietan, besteak beste. “New Orleanseko izpiritua eta kaleko bizitasuna” dira beraien ezaugarriak, eta laugarren lana aurkeztuko dute. Txertaketa.
Barikuan, zortzi musikarik osatutako Ghost Numer & His Tipsy Gypsies taldeak Uhagoneko terrazan eskainiko du emanaldia, 20:00etan. Donostiarrek «country koipetsuaren tantak, 20. hamarkadako swing-aren fakzio zaharrena, calypsoa eta Tom Waits musikari esperimentalaren ukituak” uztartuko dituzte. 2017an atera zuten iraupen luzeko beraien lehen lana, “sustraidun musikari ikuspuntu berri bat” esleitzen diona.