Munduko Kopan parte hartuko du Ager Solabarrieta tiratzaile ondarrutarrak
Datorren astean Osijek-en (Kroazia) jokatuko den Munduko Tiro Olinpiko Kopan parte hartuko dute Ager Solabarrieta tiratzaile ondarrutarrak eta Maite Badiola haren laguntzaileak. Ohi modura, bi modalitatean parte hartuko dute: euskarri gabeko 60 tiro zutikako kategorian eta euskarri gabe 60 tiro etzundakoan.
Ondarrutarrek bigarrenez parte hartuko dute Munduko Kopa batean. “Iaz, irailean, Frantzian jokatu genuen lehenengoa”. Iaz zutika zein etzunda finalerako txartela lortu zuten, eta aurten ere finalean sartzeko aukera edukiko duten lehen zortziren artean egoteko helburuagaz doaz Kroazira.
Azkenaldian parte hartu duten txapelketetan sekulako emaitza onak lortu dituzte, eta Munduko Kopan ere bide beretik jarraitzea espero dute. Espainiako txapelketaren sailkapen fasean, esaterako, Solabarrietak txapelketako errekorra apurtu zuen, baita aurretik ezarrita zuen marka pertsonala ere. 554,2 puntu lortu zituen zutikako kategorian.
Hilaren 26an zutikako proba edukiko dute, eta hilaren 28an, berriz, etzundakoa. “Goizean sailkapen fasea jokatuko dugu, eta egunean bertan izango da finala ere”. Hala ere, aurretik joango dira Kroazia aldera. “Nahitaez aurretik joan beharko dugu. Dortsalak jaso, ekipamenduaren kontrola, azterketa medikua gainditu… egin behar ditugu. Hilaren 24an, entrenamendu ez ofizialak egiteko aukera edukiko dugu eta 25ean, berriz, entrenamendu ofiziala”.