Arrakastaz ospatu da aurten ere, Markina-Xemeingo Jazzaldia
Urtez urte egonkortzen eta sendotzen doa jaialdia. Gero eta publiko zabalagoa lortzen ari da. Uhagon Kultur Elkartea pozik agertu da jendearen erantzunagaz.
Hirugarren aldia zen aurtengoa, eta aurreko urteetan baino publiko zabalagoa batu du Markina-Xemeingo III. Jazzaldiak. Taldeen kalitate ona eta jendearen erantzuna azpimarratu ditu ekimena antolatzen duen Uhagon Kultur Elkarteak, indartzen eta egonkortzen doan jaialdia dela azaldu dute, pozik.
Eguenetik [uztailak 18] zapatura [uztailak 20], hiru taldek parte hartu dute aurtengo Jazzaldian. Ghost Number & His Tipsy Gypsies eta Broken Brothers Brass Band taldeen kontzertuez gain, Haizea Martiartu saxofoi jotzaile markina-xemeindarraren azken proiektua ezagutzeko aukera ere egon da. Hiruretan batu dela esan dute antolatzaileek entzule ugari. “Betiko publikoagaz gain, gehiago batu da emanaldietara, Markina-Xemeingoa zein inguruko herrietakoa. Elgoibarko edota Ondarroako publikoa egon da esate baterako”.
Giro ona. Arkupe aurrean hasita, kalez kale aritu zen Broken Brothers Brass Band talde nafarra, eguenean, eta giro ederra sortu zuten herrian. “Kaleko publikoa zenbatzea saila bada ere, jende asko ibili zen taldeagaz batera batera eta bestera”, azaldu dute. Uhagoneko lorategia izan dute agerleku, berriz, beste talde biek. Barikuan, zortzi musikarik osatutako Ghost Numer & His Tipsy Gypsies taldeak eskaini zuen emanaldia, eta zapatuan, Folketik Jazzera euskal musika herrikoia oinarri duen proiektu pertsonala aurkeztu zuen Martiartuk. “Zapatuan 200 bat lagun egongo ziren emanaldian”.
Eguraldiak ere ez die aldaketa gehiegirik eragin oraingoan. “Zapatuan sirimiri apur bat hasi bazuen ere, karpa bategaz konpondu genuen dena, eta pentsatu bezala egin zen kontzertua lorategian”.
Markina-Xemeingo Udalaren, Aldundiaren eta BBKren laguntza eskertu dute Uhagon Elkartekoek, eta, aurtengo harrera ezin hobea ikusita, datorren urtean jarraitzeko asmoa erakutsi dute. “Ideiak baditugu jada datorren urterako”.