Bi postu aurreratu ditu Ondarroak TKE Ligako hamargarren jardunaldian
Eusko Label Ligako lehen zatia igarota, talde ondarrutarra zazpigarrena da sailkapen orokorrean. Zapatuan lehenengo txandako denborarik onena ezarri zuen, eta domekan seigarren egin zuen Sestoako estropadan.
Estropada denboraldiaren lehen zatia igaro da eta Urdaibaik Eusko Label Ligako sailkapen orokorraren erdi erdian (seigarren) jarraitzen du. Ondarroak, aldiz, zazpigarren ekingo dio ligaren bigarren zatiari, izan ere, bi postu aurreratu ditu asteburuko bi estropadetan.
Bizkaiko Txapelketa irabazi ostean, bazirudien talde bermeotarrak aurrera pausoa emango zuela, baina zapatuko [uztailaren 20a] VII. Orio Kanpina Banderan eta domekako [uztailaren 21a] XVIII. Sestaoko Udaleko Banderan ezin izan zuen garaipenerako lehian sartu.
Bigarren txandan ekin zion lanari Urdaibaik Orioko uretan, TKE Ligako bere lehen bandera eskuratzeko asmoz. Lehen luze ona egin bazuen ere, bigarren ziabogan denbora galdu eta txanda irabazi zuen Donostiarrarengandik 8 segundora helmugaratu zen. Aurretik, Ondarroak lehenengo txandan denborarik onena ezarri zuen eta Isuntzak 14 segundoko atzerapena izan zuen.
Ohorezko txandan faboritoek ez zuten hutsik egin eta Hondarribiak lehen luzean izan ezik, gainerako guztietan, denborarik onena ezarri zuen, garaipena maisutasunez lortuz (19:42,94). Oriok gauzak estu jarri zizkion hasieran baina ezin izan zuen etxeko bandera irabazi. Estropadan seigarrena izan zen Urdaibai (20:07,46), zortzigarrena Ondarroa (20:30,30) eta hamaikagarrena Isuntza (20:47,06).
Ondarroaren suspertzea. Domekan, lehen txandan, Isuntza azkena izan zen, eta gainera arrauna uretara jaurtitzeagatik 3 segundoko zigorra jarri zioten epaileek. Bestalde, talde bermeotarrak bigarren txandako bigarren postuarekin konformatu behar izan zuen beste behin. Oraingo honetan Zierbenak hartu zion aurre, eta ia 8 segundo atera zizkion. Ondarroa izan zuen Urdaibaik atzetik, lehen ziabogan denbora oso ona ezarri zuen, baina pixkanaka pixkanaka atzeratzen joan zen. Hirugarrena izan zen txandan, Zierbenarengandik 21 segundora.
Ohorezko txandan erabaki zen estropadaren irabazlea. Santurtzi nagusitu zen Sestaoko Banderan (19:18,38) baina 5 segundo baino ez zizkion atera Oriori.
Estropadan Orio sailkatu zen hirugarren, Zierbenarengandik 40 ehunenetara eta Urdaibai laugarren, irabazlearengandik ia 13 segundora (19:31,26). Ondarroa seigarren postuan helmugaratu zen (19;45,56).
Sailkapen orokorrean Orio da liderra (110), Zierbena bigarrena (98 puntu) eta Hondarribiak (97) aurre hartu dio Santurtziri (96). Donostiarra da bostgarrena (85 puntu) eta Urdaibai seigarrena (81 puntu).
Zazpigarrena da Ondarroa (50 puntu), izan ere, domekako estropada bikainaren ostean Kaiku eta Cabo aurreratu ditu. Hala ere, aurretik duen Urdaibairengandik oso urruti dago, 30 puntutako aldea dago bataren eta bestearen artean. Isuntza, bestalde, hamargarrena da Eusko Label Ligako hamargarren jardunaldiaren ostean (27 puntu).
KAE 2 eta ETE ligak. Orioko Kanpina Bandera lehiatu zuten atzo KAE2 Ligako traineruek eta Busturialdea (21:48,32) zein Bermeo B (21:51,43) laugarren eta bostgarren sailkatu ziren parte hartu zuten txandetako denborarik onenak ezarri eta gero.Bigarrenean ekin zion Elantxobeko taldeak eta hirugarrenean Bermeokoak. Castro (21:26,01) nagusitu zen estropadan eta Orio zein Portugalete izan zituen atzetik. Lehenengo txandan lehiatu zen Mutriku eta bederatzigarren egin zuen.
Sailkapen orokorrean Orio da liderra (71 puntu) eta Castro bigarrena (66 puntu). Bermeo B hirugarrena da (57 puntu), eta Busturialdeak zortzigarren jarraitzen du (34 puntu). Mutriku, bestalde, bederatzigarrena da (19 puntu).
ETE Ligan, bestalde, zazpigarren sailkatu zen Isuntza, Zumaia irabazlearengandik 20 segundora, eta bederatzigarren Ondarroa, minutu 12 segundora. Sailkapen orokorrean seigarrena da talde lekeitiarra (40 puntu), eta bederatzigarrena ondarrutarra (19 puntu).