Zulaikak eta Aimarrek irabazi dute Mutrikuko Jai Alai Open Series World Series txapelketa
Donostiarrak eta berriatuarrak oso partidu estua eta berdindua jokatu zuten Iñaki Osa Goikoetxea zumaiarraren eta Eñaut Salegi markina-xemeindarraren aurka.
Zapatuan [uztailak 20] profesional mailako Jai Alai Open Series World Tour Series txapelketako partidu puntuagarria jokatu zuten Mutrikuko Miruaitz pilotalekuan. Pilota jaialdiak jende askoren ikusmina piztu zuen, eta antolatzaileek nabarmendu dutenez, frontoiko harmailak jendez bete-bete egin ziren. “Bertaratu zirenek pilota jaialdi ikusgarri batekin gozatzeko aukera eduki zuten”.
Jon Zulaika donostiarra eta Aimar Aldazabal berriatuarra nor baino nor indartsuago aritu ziren Iñaki Osa Goikoetxea zumaiarraren eta Eñaut Salegi markina-xemeindarraren aurka. Partidua oso berdindua eta lehiatua izan zen lehenengo tantotik, baina Zulaikak eta Aldazabalek kantxan erakutsitako maisutasunak saria eduki zuen. 2-0 (15-14 eta 15-13) irabazi zuten Goikoetxearen eta Salegiren aurka. Berriatuko atzelariak tanto asko egin zituen eskuinarekin, eta Zulaikak, berriz, Goikoetxeak botatako sake asko harrapatu, eta tantoak errematearekin amaitu zituen.
Jai Alai Open Series World Tour Series txapelketaren baitako partiduaren aurretik, bestalde, herriko puntista onenen arteko partidu ikusgarria ikusteko aukera ere egon zen. Ekaitz eta Aratz Mendizabel Goixerri anaien aurka partidu dotore eta lehiatua jokatu zuten Jon Goenagak eta Aitor Andonegik. Hirugarren setean erabaki zen partidua, Goenaga eta Andonegi nagusituz (11-15, 15-6 eta 5-3).