EHUren udako ikastaro bat hartuko du Lekeitiok, irailean
Lehen Mundu Gerrak ipar Euskal herrian eta diasporan izandako eragina aztertuko dute. Matrikulazioa zabalik dago eta ikastaroan parte hartzen duten lekeitiarrek udalaren beka bat edukiko dute.
Euskal Herriko Unibertsitatearen egoitza izango da Lekeitio, irailaren 9an eta 10ean. Oskar Alvarez Gila historialari eta irakasleak eta Koldo San Sebastian kazetari eta idazleak zuzenduta, EHUren bi egunetako udako ikastaro bat emango da Kultur Etxean: Una guerra desde lejos. La diaspora vasca y La Primera Guerra Mundial.
Gaur goizean [uztailak 23] egin dute aurkezpena Lekeitioko kultur etxean, ikastaroaren zuzendari biek eta Koldo Goitia alkateak. Azaldu dutenez, Lehen Mundu Gerran Ameriketako euskal kolonietara joandako euskaldunen mobilizazioaren testuinguru soziologiko eta ideologikoak aztertuko dituzte. Era berean, mugimendu horrek euskaldunen nortasunaren osaketa prozesuan izandako eraginaren inguruan hausnartuko dute.
Oskar Alvarez Gilak jakitera eman duenez, Euskal Herriko, Espainiako eta Ameriketako unibertsitateetako historialariek parte hartuko dute ikastaroan: Beñat Çuburu-Ithorotz Baionako Unibertsitate Teknologikoko irakasleak (Université de Pau et des Pays de l’Adour); Isabelle Tauzin-Castellanos Bordeleko Unibertsitateko Ikerketa Latinoamerikarretan katedradunak; Jesus Turiso Sebastian Valladolidgo Unibertsitateko Historian doktore eta Ameriketako historian adituak eta gaur egun Xalapako Unibertsitateko (Mexiko) irakasleak; Jesus M. Valdaliso Gago EHUko Erakunde Ekonomikoen Historian katedradunak; Iker Saitua Kaliforniako Unibertsitatean (AEB) ikerlari eta historia doktoreak.
Egitura. Bi hitzaldi sorta nagusi egongo direla azaldu du Alvarezek. «Erreflexioak egingo ditugu gerraren inguruan. Kanpoko euskal komunitateen historia ere gure historia badela ere ezagutu behar dugu eta horregatik bereganatu eta kontatu». Bestalde, Lehen Mundu Gerraren mendeurrena joan den urtean izanik, bi munduko gerrek Euskal Herrian eta Ameriketako euskal komunitatetan izandako inpaktu handiren inguruan ere hausnartuko dute.
Lehen egunean Euskal Herrian oinarrituko dira, eta bigarren egunean, berriz, Ameriketako euskal komunitatean.
Bestalde, ikastaroagaz batera mahainguru bat ere egongo da irailaren 9an, arratsaldez: La diaspora y la guerra: en torno a Los cuatro jinetes del apocalipsis. Isabelle Tauzin-Castellanosek, Beñat Çuburu-Ithorotzek, Oscar Alvarez Gilak eta Koldo San Sebastianek parte hartuko dute.
Lehen aldia. Ikastaroak Lekeitioko Udalaren babesa izango du. Horrela, ikastaroan parte hartzen duten lekeitiarrek matrikula ordaintzeko beka bat izango dute. Horrez gain, Euskal Herriko Unibertsitateko ikasleek kredituak izango dituzte parte hartzeagatik.
Lehen aldia izango da udako ikstaro bat Lekeition egingo dutela, eta Koldo Goitia Lekeitioko alkateak eskerrak eman dizkio EHUri erabaki horregaitik. «Inguru honetako jende asko joan zen ameriketara, eta beraz, gaia interesgarria iruditu zitzaigungure historia hobeto ezagutzeko». Aurtengo ikastaroa ondo joanez gero, ikastaroen kopurua handitzen joateko asmoa erakutsi du udalak.
Matrikulazioa zabalik dago, eta bertan EHUren udako ikastaroen orrian egin daiteke.