Herriko plano eguneratua osatzen amaitzeko batuko dira munitibartarrak
Eguaztenean [uztailak 24] batuko dira, 18:30ean, Udal Aretoan. Zeuaz egitasmoaren barruan antolatutako ekintza da.
Munitibarko plano eguneratua osatzen bukatzeko hitzordua izango dute bihar [uztailaren 24a] Udal Aretoan. 18.30ean izango da eta herritar guztiak joan ahalko dira. Munitibarko interes guneen proposamenak eztabaidatuko dituzte eta, ostean, prest duten mapan kokatuko dituzte. Udalak eta Kultura eta Jai Batzordeak antolatuta, erabakiak denen artean hartzeko parte hartze prozesu irekia izango dute bertaratutakoek, hala, “lanen helburuak errazago lortzen dira eta emaitza zuzenago bat izaten dute”.
2017ko martxoan martxan jarri zuten Zeuaz egitasmoaren barruan antolatutako batzarra da, eta asmoa udalerriko hainbat gairi buruzko herritarren parte hartzea bultzatzea da. Zeuaz egitasmoak lau ardatz nagusi ditu: gardentasuna, herritarren parte hartze aktiboa, denen erabakiak eta munitibartarren nahi eta gurari bateratuak.