Ondarroako Alamedan Garbigune Mugikorra jarri dute
Ondarroako Udalak eskatuta, Bizkaiko Foru Aldundiaren Garbigune Mugikorra Alamedan egongo da ostiralera arte [uztailak 26]
Ondarroako Udalaren eskariz, Bizkaiko Foru Aldundiak Garbigune Mugikorra jarri du Alamedan, behin-behinean. Barikura arte [uztailak 26], 24 orduz, garbigunearen zerbitzua erabili ahal izango dute bizilagunek herrian bertan.
Ondarroako Udalak gogoratu duenez, Garbigune Mugikorrean ez dira tresna handiak utzi behar. Horrenbestez, udalak eskatu du ez eroateko edukiontzian sartu ezin daitekeen hondakinik Alamedako Garbigune Mugikorrera: “Askok, sartzen ez direla ikusita lurrean uzten dituzte”. Hauek dira Garbigune Mugikorrean utzi daitezkeen hondakinak: etxetresna txikiak, sukaldeko tresneria, etxeko olioa itxitako ontzietan, sakelako telefonoak, kableak, margoak eta disolbatzaileak, aerosolak, kutsatutako xurgatzaileak, tonerrak, tintazko kartutxoak, metalezko kapsulak, plastikozko kapsulak, pilak, CDak, DVDak, kaseteak eta erradiografiak.
Bizkaiko Foru Aldundiaren Garbiker enpresa publikoko ordezkariek aditzera eman dutenez, Garbigune Mugikorraren helburua herritarrak birziklatzeaz kontziente izan daitezen da, eta hondakinen kudeaketa egoki bat egitea. Bizkaiko udalerrietan bi edukiontzi mugikor jartzen dituzte astero eta “etxeetan sortu ohi diren hondakinak” bota ditzakete bizilagunek.