Kamiñalderako bideak itxita jarraituko du beste astebetez, zementua botatzen ari direlako
Aurreikuspenen arabera uztailaren 31n zabalduko dute bidea. Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga alkateak herritarrei pazientzia eskatu die.
Kamiñaldeko lanak direla eta, mendiaren goiko aldera igotzeko bideak itxita jarraituko du, gutxienez beste astebetez. Zunbeltz Bedialauneta Ondarroako alkateak adierazi duenez, hiru urteren ostean obrak bukatzear daude, eta azken luzapen bat egin behar izan dute. Uztailaren 31n aurreikusten du Bedialaunetak lanak bukatu eta bidea berriz ere irekitzea.
Aurreko astean hasi ziren errepidean zementua botatzen, eta “azken zatiak” baino ez direla falta azaldu du alkateak. Hala, pazientzia eskatu die herritarrei, izan ere, ibilgailuentzat zein oinezkoentzat bidea itxita badago ere, “txakurren oinatzak eta eskuz idatzitako esaldiak” agertu dira orain arte botatako zementu guneetan. Obra eremua errespetatzeko eskatu du Bedialaunetak, “mesedez, gora ez igotzeko”.