Kirmen Uribe: "Eleberria nederlanderaz, musschetarren hizkuntzan, argitaratzea oso berezia da"
Idazle ondarrutarraren bigarren eleberria, 'Mussche' (2012), nederlanderara itzuli du Kathelijne Bonne idazleak, eta De Blauwe Tijger argitaletxeak argitaratu du. Itzulpenaren aurkezpen ekitaldia Ganten egin zuten, uztailaren 5ean [barikua]. Gaur gaurkoz, Uribek proiektu berriak dauzka aurreikusita.
Bosgarrenez itzuli dute Mussche eleberria, oraingo honetan nederlanderara. Zer suposatzen du zuretzat azken itzulpen honek?
Oso berezia da nire eleberria nederlanderara itzultzea, izan ere, liburuan Gantekoa zen Robert Mussche izeneko idazle baten bizitza kontatzen dut. Espainiako gerra garaian Bilboko haur bat jaso zuen etxean, gatazka hartatik babes bila irten ziren milaka haurretariko bat. Haiek bakarrik, gurasorik barik irten ziren transatlantiko handietan, eta asko Gantera iritsi ziren. Istorio hori kontatzen dut. Nire eleberria Robert Mussche poeta eta itzultzailearen hizkuntzan kaleratu dutela ikustea ederra da.
Nola joan zen itzulpenaren aurkezpen ekitaldia?
Oso ondo irten zen dena, izan ere, Minard antzoki famatua bete-beteta zegoen, eta sarrera guztiak agortu ziren. Aurkezpenean, Carmen Mussche egon zen, idazlearen alaba, eta denen aurrean hitz egin zuen. Historialari batek ere berba egin zuen, garai hartako gerrako haurrei zein gaur egunekoei buruz. Horrez gain, Wim Mertens piano-jole flamenkoak emanaldia eskaini zuen nik eleberriko pasarteak irakurtzen nituen bitartean. Aurkezpena ederra izan zen, emozio handikoa. Gainera, gerran atzerrira ihes egin behar izan zuten haurren familiako kideak ere bertan egon ziren.
Carmen Musscheren presentziak hunkitu al zintuen?
Nolabait zikloa ixtea suposatu zuen. Hainbat hizkuntzatan itzuli dute liburua: katalanez, japonieraz, espainieraz eta txineraz. Eta orain, nederlanderaz, musschetarren hizkuntzan argitaratzea oso berezia da.
Itzulpena euskarazko jatorrizko eleberritik abiatuta egin al du Kathelijne Bonnek?
Oraingo honetan ez. Gaztelaniazkoa izan dute abiapuntu, baina nik neuk ere parte hartu dut itzulpen lanetan. Oso ondo geratu da, egia esan. Oso pozik nago. Gainera, itzultzaileak eta argitaletxekoak eleberrian azaltzen ditudan toki guztiak ezagutzen zituzten, benetako pertsonen hainbat izen-abizen daude… Guzti horrek berezi egin du prozesua.