Malenetan horma-irudiak erasotu dituztela salatu dute Mutrikuko Arte Lagunek
Antza denez, herriko beste hainbat tokitan agertu den grafiti egilearen sinadura bera egin dute Goiko Plazatik frontoira joateko tuneleko bi horma-iruditan.
Mutrikuko Arte Lagunak elkarteko kideek salatu dutez, Goiko Plazatik frontoira joateko tunelean dauden horma-irudiak erasotu dituzte jaietan. Hain zuzen ere, bertan dauden lau horma-irudietako bitan grafiti egile baten sinadurak margotuta agertu dira. “Dakigunaren arabera, herriko beste hainbat tokitan agertu den grafiti egilearen sinadura bera egin dute guk egindako horma-irudian. Egileak irudimena eta sormena landu nahi baldin baditu, ez dezala inoren lana izorratu. Datorrela arte eskolara, eta bertan nahi duena lantzeko aukera izango du”.
Erasotutako horma-irudiak laster konponduko dituztela adierazi dute arte eskolako kideek. “Zorionez, erraz kentzeko toki batean egin diote sinadura, eta, kalte handirik gabe, ondo eraberritu ahal izango ditugula pentsatzen dugu”. Horma-irudiei dagoekienez, Arte Lagunek herrian egin dituzten hirugarrenak izan dira. 2018ko maiatzean egin zituzten, eta urte bereko ekainaren hasiera inauguratu zituzten.