Margolarien plaza bihurtu da beste urte batez Mutriku
Santixo egunean, ohikoa den modura, Mutrikuko Ageriko Margo Sariketa egin dute. Epaimahaiarentzat Eibarko Esteban Orozek egindako lana izan da onena. 700 euroko saria jasoko du Tranpakale irudikatzen duen margolanak.
Gaur [uztailak 25] Mutrikuko Malen jaien azken festa eguna ospatzen ari dira. Ohi bezala, Mutrikuko Ageriko 39. Margo Sariketarekin hasi dituzte Santixo eguneko ekintzak. 10:00etan hasi dute lehiaketa, eta 14:30ak bitartera, parte hartu dutenak han-hemenka sakabanatuta ibili dira, albotik igarotzen zirenen ikusmina sortuz. Askotariko teknikak erabili dituzte herriko txokorik ederrenak eta adierazgarrienak margozteko.
Goiko Plazara bertaratu direnek, bestalde, bertako gastronomiaren onenaz gozatzeko aukera eduki dute. 100 kilo haragi prestatu dituzte sei kazola handitan banatuta, eta eskaini dituzten 300 plateretik gora di-da batean amaitu dira. 13:00ak pasatxo atera dituzte lehen gisatu platerak, eta azkenak 14:00ak bueltan. Gisatua probatzeko ilada luzeak egon dira, eta jan dutenek oso ona zegoela nabarmendu dute.
Arratsaldean, berriz, herriko gazteenak Ameli eta Xirrikituen jostuna ipuin kontalariarekin kontu-kontari ibili dira Zabiel Plazan, eta ondoren, 18:00etan, margo lehiaketako sari banaketa egin zuten Zabielen. Epaimahaiarentzat Eibarko Esteban Orozek egindako lana izan da onena. 700 euroko saria jasoko du Tranpakale irudikatzen duen margolanak. Bigarren eta hirugarren sarituak Navas de Oros-eko (Segovia, Espainia) Raul Sanchez eta Beasaingo Jokin Telleria izan dira. 400 eta 200 euroko saria jaso dute, hurrenez hurren. Haur kategoriako saritua berriz, Ziortza Antxustegi Aristi mutrikuarra izan da.
Antolatzaileek gogorarazi zutenez, sariketan parte hartu dutenen lan guztiak Zabiel kultur etxean egongo dira ikusgai, hile amaierara arte. Ordutegia honakoa da: astelehenetik zapatura, 18:30etik 20:30era eta domeketan, 12:30etik 14:00etara.