Markina-Xemeingo Udalak Udalbarria eredua jarraituko du
Udala kudeatzeko era aldatuko du sistema berriak. Udalak ematen duen zerbitzua hobetu egingo dela dio Luis Egurrola alkateak.
Udalbarria izeneko barne antolakuntza sistema berrian murgiltzen hasi da Markina-Xemeingo Udala. Sistema horrek udalaren funtzionamendua eraginkorrago egitea bilatzen duela azaldu du Luis Egurrola Arakistain alkateak. “Udala kudeatzeko era aldatuko du”. Jakitera eman duenez, Udalbarria proiektuari baietza ematea izan zen “udalean hartu zuen lehenengo erabaki garrantzitsuena”. Izan ere, proiektu horretan sineste osoa jarrita dauka. “Sistema berriagaz udalak ematen duen zerbitzua hobetu egingo da”, dio.
Udalbarria parte hartzean eta planifikazioan oinarritutako lan sistema dela azaldu du. “Ez da inprobisatzeko aukerarik ematen duen sistema. Urte osoko plangintza eta egutegia ditu; urte osoko batzorde denak zehaztuta daude”. Sistema horren onuretako bat, beraz, kontziliazioa dela dio alkateak. Bestalde, lanak aurretik egitera behartzen duela azpimarratu du. “Eragingarriagoa eta zeharkakoa da, denek dakite zer egin behar duten momentu bakoitzean. Efizientzia lortzeko eredu bat da: lan egin, gauzak epean egiteko”.
Markina-Xemein izango da eredu berria jarraituko duen Lea-Artibaiko herri bakarra, hala ere, beste herri batzuetako erreferentziak dituztela azaldu du, “eta pozik daude”. Eredu berdina jarraitzen duten udaletxe horiekin bilerak egiten ari dira, sistema berria lantzeko. Udaletxe ezberdinetako ordezkari eta idazkariekin batu dira alkatea bera eta Iratxe Rementeria Otxandio udaleko idazkari eta kontu-hartzailea. “Beste udaletxeetako ordezkarien informazioa eta ekarpenak herriko bileretara ekartzen ditugu, eta herriratu egiten ditugu. Hau da, gure errealitatera eta funtzionamendura egokitzen ditugu”.
Horrez gain, herriko udal teknikari eta batzordeetako idazkari buru eta zinegotziekin ere egiten ari dira lanketak. Alkateak azaldu duenez, udalaren funtzionamenduagaz zerikusia duten pertsona guztiek hartuko dute parte. “Udal kudeaketan parte hartzen duten agente guztien inplikazioa bilatzen da, ikuspuntu ezberdinak jasotzeko”.
Eredu berriaren lehen ondorio bat 2020ko aurrekontua urriko azken eguenerako onartzeko prest egotea izango da. “Helburuak daude, bete behar dira, eta horretarako lan egin behar da”.
“Eragingarriagoa eta zeharkakoa da, denek dakite zer egin behar duten momentu bakoitzean. Efizientzia lortzeko eredu bat da: lan egin, gauzak epean egiteko”.
Hiru arlo. Udalberria eredua jarraituta, dauden 37 konpetentziak lantzeko hiru arlo handitan banatu dute udala: Lurraldea, Hiritartasuna eta Antolakuntza. Hiru horien baitan egongo dira beste guztiak.
Hiritartasunaren baitan egongo dira, esate baterako, Kultura, Kirola, Berdintasuna, Ongizatea, Euskara, Turismoa, Jaiak, Jatorri-aniztasuna, Etxebizitza, Adinekoak, Hezkuntza eta Gazteria. Hiritartasun arloko batzar informatzaileko koordinatzailea Inma Aransolo Arizmendiarrieta udal funtzionarioa izango da, eta bere lehendakaria Lander Fernandez Guenetxea arloko ordezkaria. EH Bilduren bozeramalea alor honetan Eneko Arrate Sololuze izango da.
Antolakuntza arloko batzar informatzaileko koordinatzailea Goretti Mallagarai Mentxaka udal funtzionarioa izango da, eta bere lehendakaria Idoia Arrieta Arregi arloko ordezkaria. Batzorde honetan Kontuen Batzorde Berezia txertatzen da eta, soilik, udalaren kontu orokorraren inguruan bilduko da. EH Bilduren bozeramaleak alor honetan Isa Mandiola Zuazo eta Leire Markuerkiaga Olabe izango dira.
Lurralde arloko batzar informatzaileko koordinatzailea Eneida Gantxegi Zialtzeta udal funtzionarioa izango da, eta bere lehendakaria Luis Maria Malaxetxebarria Elordi arloko ordezkaria. “Hirigintzari lotutako arloa izango da, Irisgarritasuna, Ekipamenduak eta Ingurumena arloak jasoko ditu, besteak beste”. EH Bilduren bozeramalea alor honetan Aitor Odiaga Garate izango da.
Batzorde informatzaileez gain, batzorde parte-hartzaileak egongo dira. Batzorde horien bilerak hilean behin egingo dira, lehenengo astean, 19:00etan: martitzenetan batuko da Euskara Batzordea, eguaztenetan Kirol Batzordea, eguenetan Kultura, eta beharrezkoa denean egingo dituzte Jaien inguruko bilerak.
Osoko Bilkuren bilerak, berriz, bi hilero egingo dira, hilabetearen azkeneko eguenean, jaieguna ez denean, 19:00etan, udaletxeko bilkura aretoan. Hasiera batean, ohiko osoko bilkurak urtarrilean, martxoan, maiatzean, uztailean, irailean eta urrian egitea aurreikusi dute. “Azaroan suertatzen den bilera irailera pasatu da datorren ekitaldiko aurrekontua onartzeko helburuagaz. Uztaileko osoko bilkura hilabete horretako bigarren asteko eguenera aurreratuko da, eta goizeko 08:00etan egingo da”. Bestalde, osoko bilkurak streaming bidez emango dituzte, “bertaratu ezin dutenek edozein momentutan ikusi ahal izateko”.
Osoko bilkurarako asistentziagatik eta talde politikoentzako ordainsariak aurreko agintaldiko bera izaten jarraituko du. Alkatearen ordainsariak ere irizpide bera mantenduko du.
Batzorde irekietan erabakitzen dena, batzorde informatzaileetara eramango dute, eta handik Tokiko Gobernura, bertan erabakiak hartzeko. Azken pausoa osoko bilkura izango da. “Eredu bera hilero errepikatuko da. Epe baten barruan egingo da eta informazio guztia partekatuko da batetik bestera”.
Ordainsariak. sistema berriagaz gainera, alkate eta zinegotzien ordainsari ekonomikoak onartu zituen udalak agintaldi berriko lehen osoko bilkuran. Osoko bilkurarako asistentziagatik eta talde politikoentzako ordainsariak aurreko agintaldiko bera izaten jarraituko du. Alkatearen ordainsariak ere irizpide bera mantenduko du, alkatea lehen aldiz liberatu zenean ezarritakoa. Horretarako 2011-2015 legealdian liberaziora zuzendutako zenbatekoa hartu dute erreferentziatzat (3.764,34 euro hileko gordina) gaur egunera egokituta.
Tokiko Gobernu-Batzorderako asistentziagatik, berriz, 60 euroko ordainsaria jasoko dute zinegotziek, eta zenbateko bera, antolaketa, lurraldea eta hiritartasuna arloen batzorde informatikoetara joateagatik. “Alkateak ez du kobratuko ordainsari hori eta Amaia LarraƱaga Ugarte zinegotziak ere ez, jubilatuta dagoelako. Izan ere, batzordeak lan orduetan dira, eta ordainsari horregaz, zinegotziei beraien lanpostua utzi arazteak sortzen dien galera konpentsatu nahi izan da modu batean. Dena dela, erabakia, azken finean, bakoitzarena izango da”.