Ispasterko Santiago eta Santa Ana jaien hasiera, irudietan
Euria dela eta, Txanton Piperriren igoera atzeratu egin behar izan du alkateak Santiago bezpera egunean [uztailaren 24a]. Txupina jaurti ostean danborrada herrikoiak eta Aitxitxa Makurra txarangak girotu dute herria.
Atzo Santiago bezpera [uztailaren 24a] izanik, herritarrak jaiei hasiera emateko gogoz zeuden, baina euriaren mehatxuak urduri jarri zituen. Egun osoan izugarrizko beroa egin bazuen ere, arratsalde partean zerua lainotzen hasi eta ispastertarrek gora begiratu besterik ez zuten egiten.
19:00etan jaurti behar zuten udaletxeko balkoitik txupina, baina minutu gutxi batzuk falta zirela mehatxua egi bihurtu zen: ekaitza, trumoiak eta euri zaparrada. Garbiñe Saenz de Buruaga alkatea balkoira irten eta plazara hurbildutakoei zuzendu zitzaien: “Eguraldia dela eta ordu erdi atzeratuko dugu txupinaren jaurtiketa”.
Itxaronaldia luze egin zitzaien txikienei, izan ere, jaiak hasteko gogoz geldi egon ezinik eszenatoki behean jolasean zebiltzan. Gazteak berriz, txosna izan zuten babesleku, eta nagusienek Herriko taberna. Elizako kanpaiek 19:30ak zirela ohartarazi zieten ispastertarrei, baina eguraldiak bere horretan zirauen. Beste ordu laurdentxo bat itxaron, eta kostaldetik eguna argitzen ari zela ikustean Aitxitxa Makurra txarangako musikariek lanari ekin zioten. Danborrada herrikoiko partaideak atzean zituztela plazara hurbildu eta giroa guztiz alaitu zuten.
Berriz ere balkoira irten zen alkatea, eta oraingoan bai, jaiei hasiera emateko prest agertu zen: “Arratsalde on, atzerapenagaz baina hemen gagoz”, izan bere lehen hitzak. “Eskerrik asko denoi, plaza honetara hurbildu zareten guztioi. Beste urte batez hemen gagoz, herriko jaiei hasiera emateko gogoarekin. Nire eskerrik zintzoena jaiak posible izateko lanean zaudeten guztioi, beste batzuk ondo pasatu ahal izateko urte guztian lan egiten egon zaretenoi. Ondo pasa jai honek eta gora Txanton Piperri, eta gora Ispaster”.
Pregoia bota, txupina piztu eta honek zeruan eztanda egin ostean berriz ekin zioten txarangako kideek eta danborradako partaideek plaza musikaz betetzeari.