Zumaiak eta Zarautzek irabazi dute I. Uribarren Abaroa Sari Nagusia
ETE Ligan Isuntza zazpigarrena izan da helmugan, irabazlearengandik 19 segundora. Ondarroak, aldiz, bederatzigarren egin du, minutu eta bost segundora. Zapatuan [uztailaren 27a] erlojupekoa izango dute Colindresen. Eusko Label Ligako traineruek, aldiz, Santurtzin eta Getxon izango dituzte hitzorduak
Lekeitioko uretan lehiatu dute gaur goizean ETE eta KAE1 ligetako I. Uribarren Abaroa Sari Nagusia. Zarautzek (20:34,38) irabazi du gizonezkoen estropada, eta Zumaiak (11:23,94) emakumezkoena, Zazpigarren egin du Isuntzak ETEn, garailearengandik 19 segundora. Deusto izan da bigarrena, 13 segundora, eta oso ehunen gutxiren buruan helmugaratu dira Hibaika Jamones Ancin, San Juan-Iberdrola, Tolosaldea eta Kaiku. Ondarroa, aldiz, bederatzigarren izan da, minutu eta bost segundora.
Zapatuan [uztailak 27] izango duten erlojupekoaren aurretik, sailkapen nagusiak bere horretan dirau, izan ere, Zumaia da liderra (81 puntu), eta Isuntza zazpigarren dago (45 puntu). Ondarroa, aldiz, bederatzigarrena da, 22 punturekin.
Bestalde, Eusko Label Ligako arraun taldeek denboraldiko bigarren zatiari ekingo diote asteburu honetan. Zapatuan Santurtziko XL. IkurriƱa eta domekan [uztailak 28] Getxoko Estropaden XLI. IkurriƱa lehiatuko dituzte. KAE 2koen hitzordua ere bertan izango da.
Oriok lidertzari eusteko tartearekin hasiko du TKE Ligako bigarren zatia, izan ere, orain arte erakutsitako sendotasunak eta erregulartasunak sailkapen orokorreko lehen postuan irautea bermatzen dio. Atzetik lehia estua espero da, izan ere, 12 puntuko aldea ateratzen dio Zierbenari, baina honek hirugarren eta laugarren sailkatuak oso hurbil ditu. Hondarribia (97 puntu) eta Santurtzi (96 puntu) indartsu ari dira lehiatzen eta ez dute atzean geratzeko nahirik izango.
Elkarrengandik lau puntutara daude bostgarren sailkatua den Donostiarra (85 puntu) eta seigarrena den Urdaibai (81 puntu). Eta ostean, atzetik aurrerako bidea egiten ari den Ondarroa dago indartsu. Bi postu aurreratu zituen Sestaoko Banderan eta zazpigarrena da. 50 puntu ditu talde ondarrutarrak, baina Cabo (49 puntu) zein Kaiku (46 puntu) ez daude oso aparte. Sailkapen orokorreko beheko aldean ere tarteak txikiak dira. Mailaz igo berria den Isuntza hamargarrena da, 10 punturekin, eta Astillero (21 puntu) zein San Pedro (20 puntu) dira azken biak.
KAE 2 Liga. Tarte polita ateratzen dizkie Oriok (71 puntu) eta Castrok (66 puntu) Bermeo Bri (57 puntu), eta domekan Getxon lehiatuko duten estropada baliatu beharko dute hirugarren sailkatuek KAE 2 Liga irabazteko aukerak izan nahi badituzte. Busturialdea, bestalde, zortzigarren postuan dago, 34 punturekin, eta San Juan zazpigarrena puntu bakar batera badu ere, gorago salto egitea ezinezkoa izango zaie, ia 20 puntuko aldearekin lasai baitaude Getxo (53 puntu) laugarrena eta Portugalete (51 puntu) bostgarrena. Mutriku, aldiz, bederatzigarrena da, 19 punturekin, eta bi gutxiago dauzka Portu-Deustok.