Tramanak irabazi du Lekeitioko sanantolinetako Paella Txapelketa
Paella Txapelketa eta herri bazkaria eduki dituzte gaur Lekeition. Umeak Parkean eta musika zaleak Eskolapean aurkitu dute gustuko giroa.
43 kuadrillak parte hartu dute gaur [irailak 3], San Antolin jaietako Paella Txapelketan eta ondorengo herri bazkarian. Bero egin du, eta goizean goizetik plazako zuhaitzen gerizpean hartu dute lekua kuadrillek paellak prestatu eta lagunarteko giro onean bazkaltzeko. 13:30ean aurkeztu dituzte paellak, eta 14:30ean eman du epaimahaiak erabakia. Aurtengo irabazleak, 67 puntugaz, Tramana kuadrillakoak izan dira.
Aurkezpena, gustua eta puntua baloratu ditu hiru lagunek osatutako epaimahaiak: Oskar Uberuaga Zornotzako Bideondo jatetxekoak, Jon Bragado Lekeitioko Ikastolako sukaldariak eta Mari Kruz Kobeaga Erkiaga Jatetxekoak. Horiek erabakita, bigarrenak Erraldoiak izan dira eta hirugarrenak Txaskar. 57 puntugaz bigarren eta hirugarren kuadrilla berdinduta geratu direla jakinarazi dute antolatzaileek, eta beraz, gustuan puntuazio onena eduki duena geratu da aurretik. Faroltxo gorria, berriz, Trankulo kuadrillarentzat izan da.
Plazan bezala, jende ugari batu da bai Eskolapean bai eta Parkean ere. Altxorraren bila ibili dira umeak Parkean. Atzo hasi zuten jolasa, baina marea gora igo eta ur azpian gelditu zen altxorra. Horrela, gaur berriz ekin diote bilaketa lanari.
Bestalde, zirku bihurtu dute parkea eta umeek mozorrotu eta aurpegiak margotzeko aukera eduki dute. Iturrian arrantzan ere ibili dira, paitak harrapatzen eta oihal akrobaziak egiten ere ikasi dute Isuntza hondartzako hormatik eskegita.
Urtero legez, errepertorio zabala eskeini du Itxaropena txistulari elkarteak Eskolapeko kontzertuan. Txistu, kantu eta dantza batu ditu emanaldiak, eta Hernani, Iruña, Zarautz, Deba, Gasteiz, Madril eta Lekeitioko musikariek parte hartu dute.