Gizonezko baten gorpua aurkitu dute Ondarroako Arbide pasealekuan
Gorpua Arbiden arrantzaleak ibiltzen diren lekutik gertu agertu da. Ertzaintzak baieztatu duenez, 60 urteko ondarrutarra da hildakoa. Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga alkateak doluminak helarazi nahi dizkio sendiari Ondarroako Udalaren izenean.
Ertzaintzak jakitera eman duenez, gizonezko baten hilotza aurkitu dute gaur [irailak 4] Ondarroako Arrigorri hondartza eta Mutrikuko Saturraran hondartza batzen dituen Arbide pasealekuaren pareko harkaitzetan. “Lehenengo datuen arabera, 60 urteko gizonezkoa eta Ondarroako bizilaguna da”. Adierazi dutenez, pasealekutik zebilen herritar batek eman du abisua larrialdi zerbitzuetara , 07:45ak inguruan. “Hortik zebilen batek 112ra deitu du harkaitzetan, ustez, hilda zegoen gizonezko baten berri ematen”.
Itsasgora ordua zenez, eta gorpua urak eramateko arriskua zegoenez, larrialdi zerbitzuak mobilizatu dituzte gorpua ahalik eta arinen harkaitzetatik ateratzeko. “Ertzaintza eta suhiltzaileak gerturatu gara lekura erreskate lanak egitera”. 08:30ak inguruan atera dute hilotza uretatik, “eta pasealekua itxita geratu da”.
Ertzaintza zer gertatu den ikertzen egon da gertaera izan den lekuan bertan. Ertzaintzak senide batekin hitz egiteko aukera eduki du. Guardia epailea 10:20 inguruan ailegatu da, eta 10:45ak inguruan eraman dute gorpua. “Autopsiaren emaitzak eduki arte zain egon beharko dugu. Zer gertatu den zehazteko goizegi da”. Pasealekua itxita egon da Ertzaintzak beharrezkoak izan diren lan guztiak egin arte; 12:45ak aldera zabaldu dute.