Arrillagak, Osak, Garatek eta Astigarragak mundu mailako Ironman txapelketan parte hartuko dute
Lekeitioko Mireia Arrillagak eta Haritz Garatek eta Ondarroako Ioana Osak eta Asier Astigarragak asteburuan jokatuko den mundu mailako erdi distantziako 70.3 Ironman txapelketa ezagunean parte hartuko dute.
Proba bi egunetan banatuta jokatuko da Nizan (Frantzian), eta antolatzaileek iragarri dutenez, 100 herrialde baino gehiagoko 5.500 bat triatletak parte hartzeko asmoa dute.
Zapatuan [irailak 7] emakumeen munduko txapelketa jokatuko da eta bertan ariko dira nor baino nor azkarrago Arrillaga 1458 dortsalagaz eta Osa 1349 dortsagaz. Lekeitiarrak 30-34 urte bitarteko kategorian parte hartuko du, eta ondarrutarrak, ostera, 35-39 kategorian. Domekan [irailak 8] gizonezkoen txanda izango da. Garate 2905 dortsalagaz ariko da 30-34 urte bitarteko kategorian eta Astigarragak 1028 dortsalagaz 45-49 urte bitarteko kategoriako lehian parte hartuko du.
Triatletek 1,9 kilometro (1,2 milia) egin beharko dute igeri La baie des Anges-en. Igeriketako zatia amaitu ostean, bizikletan 91,3 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute Niza inguratzen duten mendietatik zehar, tartean, 962 metroko garaiera duen Col de Vence igo beharko dute. Besteak beste, 9 kilometroko igoera malkartsua (%6,6ko aldapa metatua) gainditu beharko dute. Azkenik, 21,2 kilometroko maratoi erdia egin beharko dute aringa-aringa. Denetara bi bira eman beharko dizkiote mundu mailan ezaguna den Promenade des Anglais pasealekutik zehar.
Triatloiaren zaleek IRONMAN Now Facebook-eko orrialdean jarraitu ahal izango dute lehia zuzenean.