Udako azken txanpako jaiak ospatuko dituzte Erdotzan, Gerrikaitzen eta Gizaburuagan
Urtaro berria ate joka dator, eta asteburuan Gizaburuagan eta Munitibarko Gerrikaitz eta Markina-Xemeingo Erdotza auzoetan uda agurtzeko aitzakia aproposa bihurtuko dira andramariak. Askotariko ekintzez osatutako egitarau erakargarriak prestatu dituzte bateko zein besteko jai batzordeetako kideek.
Gizaburuagan, esaterako, eta tradizioari eutsiz, herritar guztiek parte hartzeko beti-betiko ekintzak izango dira jai nagusietako osagaiak. Jaiak girotzen hasteko, zapatuan [irailak 7], Lea Motrolloko gazteenek pilota partiduak jokatuko dituzte.
Andra Mari eguna [irailak 8], ohi modura, mezagaz hasiko dute. Eta osteko bertso poteoa egin ondoren, herritarrek txapel jaurtiketan ondo pasatzeko aukera bikaina edukiko dute. Baina txapel jaurtiketa ez da domekako lehiaketa bakarra izango. Tortilla txapelketa ere egingo dute. Parte hartzaileak, nahitaez, binaka ariko dira sukaldean. Hori bai, tortillarik goxoena egiteko, olioa, gatza, arraultzak, patatak eta kipulak erabili beharko dituzte bakarrik, “beste osagairik ez du balio”.
Astelehenean [irailak 9], berriz, herrigunetik Oibarko ermita eta inguruetara egingo du jauzi festak. Herritarrek ez eze, alboetako herrietakoek ere estimu handia diote Oibarko Egunean egiten den erromeriari. Asko izaten dira urtero hutsik egin barik mezatan eta osteko hamaiketakoan parte hartzen dutenak. Oibarko ospakizunak eguerdiko ekimenekin amaituko badira ere, herrigunean ere zer ospatu egongo da jaien azken txanpan sartuta.
Munitibartarrek ere zapatuan [irailak 7] hasiko dituzte jaiak. Goizean, umeentzako puzgarriak, tailerrak eta jolasak egingo dituzte plazan, eta eguerdian herri bazkaria egingo dute. «Urtero 100 bat lagun batzen gara». Arratsaldean, batzuk mus eta briska txapelketan dabiltzan bitartean, plazan geratzen direnek erromeriagaz dantzan egiteko tartea edukiko dute. Zapatuko proposamenak Dead Sequoia talde gasteiztarraren rock soinuekin eta DJ Elepunto ondarrutarraren kantu dantzagarriekin amaituko dituzte.
Andra Mari eguna [irailak 8] jan-edanean hasiko dute Gerrikaitzen, eta urdailak asetu eta eztarriak busti bitartean, herriko gazteenek euskal dantzen emanaldia eskainiko dute. Herri kirolik ere ez da faltako Gerrikaitzeko jaietan. Harrijasotze txapelketa antolatu dute estreinako, eta parte hartuko duten sei harrijasotzaileek sasoi bateko harritzarrak altxatzen duten indarra eta abilezia erakutsi beharko dute. Iñigo Jimenez, Inhar Urruzuno, Julio Jimenez eta Asier Zubiagak Munitibarko Totorika Gosketxeko 145 kiloko harri laukizuzenagaz eta Aulestiko Narea Uriarteko 112,5 kiloko zilindro zaharragaz egin beharko dituzte lanak. Harri bakoitzagaz, bi minutuko saioa egingo beharko dute. Julia Martinezek eta Karmele Gisasolak, berriz, Aulestiko Narea Uriarteko 88 kiloko zilindro zaharragaz bi minutuko lana egin beharko dute. Aspaldiko partez, gainera, bertso saioa ere egingo da. Alaia Martinen eta Fredi Paiaren bertsoekin agurtuko dituzte jaiak.
Markina-Xemeingo Erdotza auzokoentzako ere egun kuttuna da Andra Mari eguna [irailak 8]. Urteroko legez, Iderra Nagusi baserriaren paretik Erdotzaraino kalejira egingo dute, eta mezaren ostean, dantza saioa eta pintxo jana egingo dute.
EGITARAUAK
- ERDOTZA (MARKINA-XEMEIN)
- Domeka, irailak 8
- Goizean. Kalejira Iderra Nagusitik Erdotzaraino, txistulariek eta txapliguek alaituta.
- 12:00. Meza, ermitan.
- 13:00. Zerutxu dantza taldea eta pintxoak.
- Domeka, irailak 8
- GERRIKAITZ (MUNITIBAR)
- Zapatua, irailak 7
- 11:30-14:30. Puzgarriak, tailerrak eta jolasak, plazan.
- 15:00. Herri bazkaria, elizpean.
- 17:00. Iratzar taldeagaz erromeria, plazan.
- 17:00. Mus eta briska txapelketak, elkartean. Izen ematea ordubete arinago izango da.
- 22:00. Dead sequoia eta DJ Elepunto, plazan.
- Domeka, irailak 8
- 12:30. Kopaua, plazan.
- 13:00. Dantza emanaldia, plazan.
- 13:30. Gerrikaitzeko harrijasotze txapelketa, plazan. Harrijasotzaileak: Iñigo Jimenez, Inhar Urruzuno, Julio Jimenez, Asier Zubiaga, Julia Martinez eta Karmele Gisasola.
- 17:30. Alaia Martin eta Fredi Paia bertsolariak, plazan.
- Zapatua, irailak 7
- GIZABURUAGA
- Zapatua, irailak 7
- 18:00. Umeen pilota partiduak.
- 21:30. Kanpai jotze eta bolanderak.
- Domeka, irailak 8
- 11:00. Meza, herriko gazteak musikaz girotuta.
- 12:00. Bertso poteoa Xabat eta Nerea bertsolariekin.
- 13:00. Txapel jaurtiketa.
- 14:30. Nagusien herri bazkaria.
- 16:00. Ehunzangoren eskutik puzgarriak eta jolasak ume eta gaztetxoentzat.
- 17:30. Briska txapelketa.
- 19:00. Tortilla txapelketa.
- 21:00. Xaibor: 15 urtez ikuskizun berria.
- Astelehena, irailak 9
- 11:30. Meza, Oibarren.
- 12:00. Hamaiketakoa Mikel eta Lander trikitilariekin.
- 17:00. Mus txapelketa.
- 17:30. Egurrezko jolasak haur eta helduentzat.
- Ondoren. Jaien amaiera: txokolate jana eta azken traka.
- Zapatua, irailak 7