Endika A. Garalde: "Jendea laguntzeko gogo handiagaz ikusi dugu"
Endika A. Garalde ondarrutarrari eta 2009ko Antzar Egunean Lekeition atxilotutako sei lagunei 95.000 euroko isuna ezarri diete. Isuna ordaintzen laguntzeko diru bilketa hasi dute ondarrutarraren hurrekoek.
2009ko Antzar Egunean istilu handiak egon ziren. Zu ere tartean atxilotu zituzten.
Garagardo latak saltzen genbiltzala, istiluak ikusi genituen, eta handik alde egitea erabaki genuen. Baina, ihesaldian ertzainek atxilotu eta Lekeitioko komisaldegira eraman ninduten. 04:00ak aldera atxilotu ninduten, eta 08:00ak aldera Galdakaoko ospitalera eraman ninduten, besoan puntuak ematera. Handik Gernikara eraman ninduten; beste egun bat egin nuen komisaldegian. Aske utzi baninduten ere, astelehenero epaitegira joan behar izan nuen sinatzera.
Zer delitu leporatu zizuten?
Besteren artean aginteari erasoa, terrorismo hiritarra eta triskantzak egozten zizkidaten.
Noiz epaitu zintuzten?
Hiru urte geroago epaitu gintuzten Espainiako Auzitegi Nazionalean, 2012ko irailaren 21ean. Azkenean, kartzela zigorra saihesteko fiskalagaz akordu batetara ailegatzea erabaki genuen.
2 eta 3 urte arteko kartzela zigorra saihestu ostean, isuna ordaindu beharko zenutela uste zenuten?
Epaiketa egin eta bost urteko tartean kasua artxibatzen zela uste nuen. 2017ko irailean ezelako jakinarazpenik ez nuela jaso ikusita, gaia bukatutzat eman nuen. Baina udaberrian, isuna ordaintzeko jakinarazpena ailegatu zaigu. Niretzat behintzat sekulako ezustekoa izan da. Isuna jaso ostean zera konturatu gara: kartzela zigorra bost urtetara artxibatzen dela, baina erantzukizun zibila hamabost urtera.
Zenbatekoa da isuna?
Denetara, 95.010,98 euro ordaindu behar ditugu zazpiron artean. Niri, beraz, 13.573 euro dagozkit. Isuna osotasunean ordaindu bitartean hilero soldatatik zati bat enbargatzen didate.
Isuna ordaintzen laguntzeko hainbat ekimen egin dituzue.
Nire zatia ordaintzen lagundu, eta horrek ekarri dezakeen pisua arintzeko, lagunek zerbait egitera animatu ninduten. Eta horretan dihardugu. Zapato Azulean hasi genuen diru bilketa eta Mutrikuko, Ondarroako eta Lekeitioko jaietan ere hainbat ekimen egin ditugu.
Ekimenek zelako erantzuna eduki dute?
Orain arte egindako ekimenek erantzun ona eduki dute. Jendea laguntzeko gogo handiarekin ikusi dugu, eta hori benetan eskertzekoa da.
Noiz egingo duzue hurrengo ekimena?
Zapatuan [irailak 14], Galbaixo Egunean, elkartasun txorizo salmenta egingo dugu Galbaixo gainean, sagardo pixka batekin lagunduta. Elkartasuna adierazi nahi duten guztiak pintxoak probatzera gonbidatuta daude.