Lekoizko bidean noizbehinkako mozketak besterik ez dituzte egingo
Errepideko zuloak estaltzen hasi dira jada eta datorren astean lanak bukatzea aurreikusten du obra arduradunak.
Lekoizko bidean egiten ari diren lanek nahasmendua sortu dute aulestiarren artean, izan ere, errepidea ordu tarte batzuetan itxita egongo dela zabaldu da herrian. Obra arduradunak argitu bezala baina, gaizkiulertze bat besterik ez da izan, eta “bost edota hamar minututako noizbehinkako mozketak” baino ez dituzte egingo, asfaltoa botatzeko erabiltzen dituzten ibilgailuek lana egiteko behar duten denbora besterik ez.
“Langileek astelehenean herrian komentatu omen zuten errepidea itxi egin beharko zutela goizez eta arratsaldez pare bat orduz, baina enpresarekin hitz egin dugu eta mozketak egitea ezinezkoa dela esan digute”, azaldu du.
Hilabeteak daramatzate Lekoizko bidea konpontzen eta azken fasean sartu dira jada. Asfaltoa bota eta zuloak estaltzen hasi ziren astelehenean [irailak 9], eta datorren astean bukatzea aurreikusten dute. Santa Eufemiko jaiak direla eta, hilaren 16an ez dute lanik egingo, beraz, egun osoan ez da noizbehinkako mozketarik egongo, eta ibilgailuak normaltasunez igaro ahal izango dira bi norabideetan.