'Osasunaren autogestioa' hitzaldia eskainiko du Eneko Landaburuk Ziortza-Bolibarren
Oskola Osasun Eskola Herrikoiak antolatu du solasaldia, eta elkarteak herritarren osasun eskubideak defendatzea du helburu. Hitzaldia barikuan [irailak 13] izango da.
Osasunaren autogestioa izeneko hitzaldia emango du barikuan [irailak 13] Oskola Osasun Eskola Herrikoia elkarteko Eneko Landaburuk Ziortza-Bolibarko udal aretoan, 18:30ean. Hizlaria “medikuntza konbentzionalak” dituen arriskuez ariko da.
“Medikuntza eredu honek gaixotasunak sendatzen laguntzen badigu ere, askotan botika toxikoak hartzen ditugu eta horiek ondorio kaltegarriak izaten dituzte gure osasunean”, azaldu du hizlariak. Hala, “gure gorputza eta burua ezagutzea oso garrantzitsua” dela dio Landaburuk, eta bakoitzak bere kabuz sendatzen ikasteko garrantzia aldarrikatuko du. Udalak “herritarrengandik hurbilen dauden instituzio publikoak” izanik, industria farmazeutikoen propraganda engainagarriengandik babesteko ikastaroak eskaini edo bideratu beharko lituzketela gehitu du.
Landaburu Argentinan bizi da, baina udan Ziortza-Bolibarrera hurbildu da Oskola elkartearekin batera tailerrak antolatzera. “Hazkuntza, zaintza eta osasuna lantzea” helburu duen taldea da Oskola, eta “osasun autogestionatuan” sinesten dute kideek. Hauek ez dira medikuak, ezta osasun arloko profesionalak ere, boluntarioak baizik, eta herritarren osasun eskubideak defendatzeko lan egiten dute.
Lunbierren, Donostian, Bilbon, Urduñan, Orion, Seguran eta Bergara eman zituen hitzaldiak landaburuk, eta Gernika-Lumon izan da aurten.