Tarima jartzen hasiko dira Etxebarriko frontoian
Frontoia erabilera anitzeko gune bihurtzeko bigarren faseari hasiera emango diote. 126.000 euroko aurrekontua daukate lanek.
Aste honetan hasiko da martxan Etxebarriko frontoiko obraren bigarren fasea. Kontrakantxako marratik hasita, lurzoru osoa tarima bategaz estaliko dute, frontoiari erabilera handiagoa eman asmoz. “Era horretan, saskibaloia, futbito, aerobik edota zumba bezalako ekimenak egin ahalko dira bertan, esate baterako”, azaldu du Jesus Iriondo Etxebarriko alkateak.
Iriondok jakitera eman duenez, hilabete bitan, lanak amaituta egotea espero dute: “Urriaren azkenetarako edo, gehienez, azaroaren erdirako”. Bigarren faseak 126.000 euroko aurrekontua dauka.
Bost fase. Etxebarriko frontoia erabilera anitzeko gune bihurtzeko proiektua bost ataletan banatuko dela azaldu du alkateak. Iaz burutu zuten lehen aldian frontoi barruan dagoen arkupean gimnasioa eraiki zuten, aurten gauzatuko duten bigarren fase honetan tarima jarriko dute eta hurrengo faseetan harmailak osatu. “Harmaila mugikorrak izango dira, tolesgarriak. Harmailak mugituta kantxaren banaketa era ezberdinetan egin ahalko da, erabileraren arabera”.
Laugarren fase batean frontoi ondoko eraikinari, jantokia eta gazte lokala dagoen eraikinari altuera gehiago ematea dute helburu. “Lokal zabal bat sortu nahi da kultur ekintza ezberdinak egiteko; bertso afari, batzar borobil zein kultur elkarteek ekintza ezberdinak egiteko erabiltzea da asmoa”.
Bosgarren eta azken fasean frontoia margotu eta neguan ere tenperatura egokian (20-21 gradutan) eduki ahal izateko instalazioa jarri nahi dute, efizientzia energetikoa kontuan hartuta.
Martxa onean. Bestalde, udal gimnasioaren erabileragaz pozik azaldu da alkatea. “Martxa onean doa; 100 erabiltzailetik gora ditu”. Beste elementu bat edo beste gehitu nahi diote, horma-barrak eta goma batzuk esaterako, eta horregaz, momentuz, osatuta geratuko dela ikusten du udalak.
Gimnasioaren ordutegia, 07:00etatik 23:00ak artekoa da egun, baina beste ordubete handitzea pentsatzen ari direla zehaztu du alkateak. «06:00etan hasiko litzateke 07:00etan barik, lanera joan orduko kirola egin nahi duenak erabili ahal izateko”. Izan ere, gimnasioaren funtzionamendua erabiltzaileen araberakoa da. Hau da, erabiltzaileek giltza elektroniko bat daukate, gimnasioa zabalik dagoen ordutegiaren barruan, nahi dutenean joan ahal izateko.