Arantza Zulueta: "Presoen sustengu eta elkartasunaren kontrako epaiketa da"
Irailaren 16an hasiko da Espainiako Entzutegi Nazionalean 11/13 sumarioan auziperatutako 47 lagunen kontrako epaiketa. Zulueta da euretako bat. Euskal presoen eskubideen alde lan egiten zegoen jendea direla dio.
Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren bitartekari taldeko kideen aurkako operazioan atxilotu zuten Arantza Zulueta abokatua 2014ko urtarrilean, beste zazpi lagunekin batera, Guardia Zibilak EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren Mintzaidetza Lanetarako Taldearen kontra egindako operazioan. Espetxeraketaeta isolamendua pairatu ondoren, epaiketari egingo dio aurre orain, presoen babes taldeetan aritzea egotzita auzipetuta dauden beste 46 lagunekin batera.
Zelan zaude epaiketaren atarian?
Zaila da norberaren sentimentuez hitz egitea holako egoera baten aurrean, eta behar bada, nire kasuan zailago, militante, kide eta errepresaliatu askoren errealitatea ezagutu dudalako eta haien sentimenduak konpartitu ditudalako epaiketa bati aurre egin behar zaionean. Karrusel bat da batzuetan. Goian zaude batzuetan, edozeri aurre egiteko indarraz, eta beste zenbaitetan baxu, zer gertatu daitekeen kezkaz.
Kezkatuta zaude orain?
Kezkatuta nago, eta ez bakarrik gure etorkizunaz, baizik eta estatu espainolaren apustua errepresioaren aldekoa delako, eta oraindik ere gerra jarreraz ari delako. Mendekua nagusi denean, zer gertatu behar da barruan ditugun 248 preso politikoekin?
47 auzipetu, 601 kartzela urteko eskariak guztira, 8 eta 20 urte bitartekoak… 18/98 epaiketaz geroztik euskal herritar gehien epaituko dituzte. Zein da 2019an holako epaiketa bat egitearen arrazoi politikoa?
Kontua ez da epaiketa 2019an egingo dela, presoen aldeko elkartasun eta babesaren kontra 2013an operazio politiko-poliziala abiatzea baino. Ordurako ETAk borroka armatua bertan behera utzita zeukan eta EPPKk bide demokratikoen aldeko hautua eta kalteen onarpena eginak zeuzkan. Hala ere, estatu espainolak operazio hau abiatu zuen eta horren ondorioz salbuespen entzutegiak epaituko gaitu orain. Mendekuan oinarritutako politikan jarraitzen dute, errelatoaren gerran daude. Badakite presoak herri honetarako altxor inportantea direla eta haiekin jokatzen dute herri honek askatasunaren alde hartutako bidea oztopatzeko sakabanaketa, urruntasuna, isolamendua, legea eta entzutegiak errepresio neurri bezala erabiliz.
Euskal presoen inguruan aritutako jende asko epaituko zaituztete.
Ez dugu ahaztu behar presoen sustengu eta elkartasunaren kontrako epaiketa dela hau azken finean, euskal preso politikoak helburu duen operazioa, beraiekiko kalean dagoen elkartasuna eta babesa mozteko asmoa duen operazio juridiko poliziala. Horretarako, operazio honek, medikuak, Herrirako kideak, abokatuak, bitartekariak eta Etxerateko kideak atxilotu eta espetxeratu zituen. Presoen inguruan lanean geunden 47 kide, horiek gara 16tik aurrera salbuespen entzutegian epaituko gaituztenak eta urte askotako espetxe mehatxuari aurre egin beharko diogunak.
Auzi honen eragin orokor edo politikoaz gain 47 bizitza daude hor eta kalte pertsonalak, zelan egiten zaio aurre horri?
Honelako epaiketa batek sufrimendu personal eta ekonomiko handia dakar, kontutan hartu gabe entzutegi nazionaletik ezin dugula ezer espero zigorra baino. Lana utzi behar, asteroko bidaiak, estresa eta angustia, ez bakarrik auziperatuentzat, familientzat ere bai: seme-alabak, guraso nagusiak… Esperientzia badugu honetan, 18/98 epaiketan zehar bizitakoa oso gogorra izan zen, ahaztu barik lagun bi utzi genituela bidean, Jokin Gorostidi eta Jose Ramon Aranguren.
Azkenengo makroepaiketak akordio batez amaitu dira. Aurre ikusten duzue horrelakorik?
Ez dugu justizia espainolean sinisten. Ezin dugu ezer onik atera salbuespen entzutegi batetik. Esperientziak eta memoriak erakutsi dizkigu frogarik gabeko zigor amaiezinak, espetxeak, urrunketa, sakanbanaketa, isolamendua… Jarrai-haika-segi, 18/98… azkenengo makroepaiketak akordio baten bukatu dira baina badakigu guri ez dizkigutela akordio baterako baldintzak erraz jarriko. Presoen elkartasuna eta babesa desagertzea du helburu estatu espainolak, eta, beraz, zigortzen jarraitu nahi dute. Hala ere, guk arduraz jokatu nahi dugu, eta sakrifizio pertsonalerako prestatuta gaude, herri honek bere askatasunerako erabaki duen bideari laguntzen badio. Irtenbidearen alde, konponbidearen alde eta presoak etxeratzeko bidean egin behar dena egiteko prest gaude.
47ak herrian izan da epaiketa hau salatzeko erabili den leloa. 47ok libre gelditzea izango da zuen asmoa.
Irtenbidearen garaia da, ez dira bakarrik 47 etxera ekarri behar direnak, denak baino. Aski da! Herri honek preso guztiak etxean behar ditu bidean aurrera egiteko, eta hori estatu espainolak ondo daki. Horregatik ez digu utzi nahi korapilo errepresibotik ateratzen. Baina herri honek duen determinazioa ez dute desagertaraziko. Aktibazio sozialean dugun indarrean sinistu behar dugu eta denon artean presoak etxera ekarriko ditugu.
Elkartasun ekimen ugari sortu dira epaiketa horren kontra, eta irailaren 14an, epaiketaren bezperetan, Bilbon manifestazio nazionala egiteko deia luzatu duzue.
Eskertzekoa da jasotzen ari garen elkartasuna. Milaka eta milaka lagun, batzuk modu anonimoan eta beste batzuk haien eragina eta izena emanez, gurekin daudela eta presoen aldeko elkartasunaz eta babesaz daudela adierazi digute. Bakoitza bere tokitik bere indarrarekin, baina denon papera oso garrantsitzua izaten ari da. Hala ere lortutakoa ezin da epaiketa honetan bakarrik gelditu. Manifestazioa eta lortutako indar eta elkartasun guztia presoak herriratzeko erabili behar dugu. Lortutako guztia presoen aldeko olatu bihurtu behar dugu. Indarra dugu presoak etxeratzeko eta sinistu egin behar dugu. Estatu frantsesean hurbilketan pausoak ematea lortu dogu , ezker abertzaleak pauso handiak eman ditu. Presoen kolektiboak ere oso baldintza txarretan ere pauso eta adierazpen garrantzitsuak egin ditu herri honen etorkizunaren alde. Unea da gobernu espainolaren politika errepresiboa aldatzeko. Salbuespen neurriak bertan behera utzi behar dira. Korapiloak askatzeko unea da. Herriaren momentua da. Denon artean lortuko dugu! Denok batera presoak etxera! Herrian behar ditugu!
Ze mezu zabalduko zenieke Lea-Artibaiko herritarrei.
Presoak herriarenak direla aldarrikatu eta presoak etxeratzeko urratsak eman behar direla. Horretarako antolaketa garrantzitsua da. Gaur dugun tresnarik eraginkorrena SARE mugimendua da. Indartu egin behar dugu. Presoen aldeko dinamikak sortuz presoak etxeratzea posiblea da.