Mutrikun abiaraziko dute afizionatuen mailako Interjai Txapelketa
Bihar [irailak 13] izango da lehen saioa. Mutilen Xistera Zirkuituko onenek jokatuko dute lehiaketa.
Interjai zesta-punta txapelketak afizionatu mailako puntistarik onenak batuko ditu bihar [irailak 13], Mutrikuko Miruaitz frontoian. Atzo [irailak 11] iluntzean aurkeztu zuten iazko Mutilen Xistera Zirkuituko onenek jokatuko duten lehiaketa. 18:00etan hasiko da jokoan txapelketa, eta lekua oraindik zehazteko badago ere, finala azaroan izango dela aurreratu dute Xisterako ordezkariek.
«Eskari handia daukagu, eta oraindik ikusten ari gara zein izan daitekeen finala jokatzeko lekurik onena, baina azaroan izango da», argitu zuen Josu Mugartegi Atain Xisteraren ordezkariak.
Interjai Txapelketa jokatuko den bigarren urtea izango da aurtengoa, eta iaz arrakasta handia izan zuela gogora ekarri zuten antolatzaileek. «Txapelketa hau zesta-puntako afizionatuen mailako Champions-a da. Hemen egoteko lan luze eta ona egin behar da. Txapelketa hau jokatzea ez dago edozeinen esku». Interjai jolasteko Xistera Zirkuitu bikaina egin behar dela ere azpimarratu zuen Mugartegik. «Hemen daude iazko sei aurrelaririk onenak bai eta sei atzelaririk onenak ere».
Aurkezpena hasi aurretik, bikoteak osatzeko zozketa egin zuten, iaz txapela jantzi zuten Goixerri eta Andonegi puntista mutrikuarrek lagunduta. Guztira, sei izango dira txapelketa jokatuko duten bikoteak: Laloo-Manzi, Etxeberri-Ibarluzea, Zuloaga-Uriel, Antxon-A. Elkorobarrutia, Gaizka-M. Elkorobarrutia eta Aaron-Zugaitz. Jakitera eman dutenez, Aitor Elkorobarrutia min hartuta dago, eta beraz, ezin izango du lehen jardunaldia jokatu. Bere ordez, Unai Uranga arituko da; Antxonegaz osatuko du bikotea. Hurrengoak izango dira Mutrikun jokatuko diren partidak: Lehenengoa, Gaizka-M. Elkorobarrutia/Aaron-Zugaitz; bigarrena, Zuloaga-Uriel/Antxon-Uranga eta hirugarrena, Laloo-Manzi/Etxeberri-Ibarluzea.
Bi ataletan. Txapelketaren lehen fasean denak denen kontra jokatuko dute, eta lehenengo gelditzen den bikoteak finalerako zuzeneko pasea eskuratuko du. Bigarren bikoteak, hirugarrenak eta laugarrenak, ostera, finalerdiak jokatuko dituzte ondoren, kiniela eran, eta irabazleek lortuko dute azaroan jokatuko den finalerako bigarren txartela. «Honekin, Xistera Zirkuituak, lehiakortasuna eta motibazioa ere irabazten ditu. Gazteentzako hauek dira erreferentzia, eta hori garrantzitsua da. Iazko irabazleetako bat AEBetan jokatzen ari da jadanik, eta horrek garbi uzten du guri begira jende asko dagoela», esan zuen Aitor Txurruka Xisterako ordezkariak. Izan ere, Interjai txapelketagaz nazioarteratzea ere bilatzen dutela gaineratu zuen. «Zirkuitua Euskal Herri osoan jokatzen da, baina kanpora ere joaten da. Iaz Bartzelonan izan ginen, eta posible da aurten ere nonbaitera joatea».
Aurkezpenean batutako pilotariek ere Interjai eurentzat erabat garrantzitsua dela baieztatu zuten. «Urte osoa honen zai ematen dugu», aitatu zuen Antxon Alberdik. «Hemen egoteko oso erregularra izan behar da, Xisterako Zirkuituan maila oso ona eman behar da. Lehiaketa hau oso garrantzitsua da guretzat».
Bestalde, Goixerri eta Andonegi iazko txapeldunetako bat ere ez da aurtengo txapelketan egongo. Aurrelaria Danian jokatzen ari dela azaldu zuten, eta atzelariak, berriz, ezin izan zuen aurten jokatzeko txartela lortu. «Guretzat sekulako poza izan zen irabaztea, hau da-eta afizionatuetan dagoen lehiaketarik garrantzitsuena. Baina hau irabaztea urte osoko lana da, ez partida batekoa. Hemen egoteko lan asko eta ona egin behar da, bai eta irabazteko ere», aitortu zuen Ekaitz Mendizabal Goixerrik. Afizionatuentzako oso txapelketa garrantzitsua dela ere nabarmendu zuen puntista mutrikuarrak, eta Xisterak egindako lan bikaina goraipatu zuen.