VIII. Surf Eguna ospatuko dute Mendexako Karraspio hondartzan
Surf ikastaroak, tailerrak eta musika izango dira jaiaren muina. 10:30ean hasiko dira doako surf ikastaroak denentzat.
Artzabal Surf Elkarteak antolatuta, VIII. Surf Eguna ospatuko da zapatuan [irailak 14], Mendexako Karraspio hondartzan. Iazko modura, Andoni Bastarrika hondarragaz eskulturak egiten dituen artista azpeitiarraren lanagaz emango diote surfaren jaiari hasiera.
Surf ikastaroak, tailerrak eta musika izango dira jaiaren muina, urtero modura. 09:30ean hasita eman ahalko da surf ikastaroetan parte hartzeko izena. Beti bezala, ikastaroak doakoak izango dira, eta adin guztiei zabalik egongo dira. Oraingoan, gainera, igeri egiten ez dakiten 4-6 urte bitarteko umeek ere parte hartu ahalko dute. Horientzat lehorreko surf jokoak antolatu ditu Artzabalek. «Uretako ikastaroak egiten ari diren bitartean lehorreko ariketak egingo dituzte», azaldu dute. Horiek ere izena eman behar dute parte hartzeko.
Ikastaro guztiak 10:30ean hasiko dira, eta parte hartzen dutenek, gainera, hamaiketako osasungarria edukiko dute.
[VIII. SURF EGUNAREN EGITARAUA]
Txiki Surf. 13:00etan hasiko da azken urteetan arrakasta handia eduki duen 13 urtetik beherakoentzako Txiki Surf Txapelketa. Bien bitartean, hondarrezko eskulturen tailerra ere egongo da Andoni Basterrikaren eskutik.
Olatuen baldintzapean egoten direnez, oraingoan ere helduen txapelketarik ez dela egongo jakitera eman dute Artzabal Surf elkartekoek. Horren ordez surf eta bodyboard expresion saioa egongo da 17:30etik aurrera. Aurretik, baina, beroketa modura, surf gim saioa eskainiko dute hondartzan, nahi duen guztiarentzat. «Adin guztientzako izango da».
19:00etan banatuko dituzte Txiki Surf Txapelketako sariak, eta familia argazkia aterako dute Andoni Bastarrikaren eskulturaren ondoan.
Egun osoko jaia girotzeko, txosna eta musika egongo dira egun osoan. «Parrillada edukiko dugu urtero bezala, eta berrikuntza modura aurten burruntzi pintxoa eta hanburgesak edukiko ditugu». Eta eguna festa giroan amaitzeko, Jabi Patxonen kontzertua egongo da 19:30etatik aurrera, eta Crianza Clearwinw Revival taldearen kontzertua ondoren.