Maria Angeles Etxaburu margolari ondarrutarra, pozik Ondarroan ipinitako erakusketak edukitako harreragaz
Margolari ondarrutarrak irailaren 6an zabaldu zuen berak egindako koadroen erakusketa, Ondarroako Udal Erakusketa Aretoan. Domekan itxiko du erakusketa. Jende asko hurreratu dela azpimarratu du.
Maria Angeles Etxaburu ondarrutarrari betidanik gustatu izan zaio margotzea. Eta urteetan, koadro asko eta asko egin izan ditu; paisaien koadroak eta abstraktuak egiten ditu batik bat. Irailaren 6an zabaldu zuen erakusketa Ondarroako Udal Erakusketa Aretoan. Eta bihar [irailak 15] azken eguna izango bada ere, pozik dagoela dio. “Oso pozik nago, poz-pozik. Jende asko hurreratu da. Erakusketa polita dela esan didate, atsegina, koloretsua”.
Erakusketak, aldi berean, bere burua baloratzeko balio izan diola esan du. “Jendeari gustatzen zaiola ikusita, nik ere neure burua hobeto baloratzen dut. Azken finean, etortzen diren denei galdetzen diet ea gustatu zaien edo ez”. Ondarrutarrez gain, atzerritarrak direnak ere erakusketa aretora sartu direla esan du. “Ondarroan turismoa egiten ari zirenak ere etorri dira, eta gustura geratu dira ikusitakoagaz”.
Erakusketan ikusgai dauden lanak Josune Laka 7 Emakume en Movimiento taldeko kideak aukeratu dituela argitu du. “Berak egin zuen aukeraketa. Azken finean, berari esker zabaldu dut erakusketa ere”. Izan ere, Etxaburuk esan du Lakak beti esaten ziola Udal Erakusketa Aretoan erakusketa bat zabaldu behar zuela. “Niri, baina, lotsa ematen zidan. Duela bost bat urte-edo Etxelilan ipini nuen erakusketa, baina Udal Erakusketa Aretoan ipintzeak lotsa ematen zidan”. Azkenean animatu egin zen, eta poz-pozik geratu da.
Etxabururen lanak ikusteaz gain, gustuko dituenak erosi ere egin ahal ditu. “Enkarguren batzuk ere jaso ditut, beraz, primeran”. Bere helburua, baina, ez dela saltzea dio. Barru-barruan daraman zaletasunari jarraituz, zuritasunean koloreak jartzen eta koadroak egiten jarraituko duela esan du.