VII. Txistu Topaketak doinuz jantzi du Ondarroa
12:30ean hasi dira txistulariak lehen doinuak eskaintzen, Iparkalen. Alde Zaharretik ostera egin eta gero, Itsasaurre plazan amaitu dute. Txistua balioan jartzeko ekintza dela esan dute antolatzaileek.
Zazpigarren urtez egin dute Ondarroan Txistu Topaketa. Euskal Herriko txoko ezberdinetatik etorritako txistulariak eta ondarrutarrak batu dira ekintzan. Guztira, 30 bat txistulari izan dira Ondarroako kaleak doinuz jantzi dituztenak. Topaketaren helburua txistua balioa jartzea dela esan dute. “Gaur egun txistua ez da askorik entzuten Ondarroa, eta entzuten bada ere, ez da behar beste baloratzen. Horrez gain, txistua jotzen dakitenei taldera batzeko gonbitea egiteko modua ere bada”, esan du Jesus Mari EgaƱa txistulari ondarrutarrak.
Iparkalen hasita, Kale Handi eta Nasa kalea zeharkatu dituzte txistulariek. Ondarrutarrez gain, ondoko herrietako txistulariek ere parte hartu dute ekintzan: Santutxu, Bilbo, Santurtzi, Barakaldo, Eibar eta Deba. “Gaur egun jende gutxi dago musika eskoletan txistua ikasten. Baina urteak atzera, asko izan dira txistua ikasi eta gaur egun baztertuta daukatenak. Horiei guztiei Ondarruko Txistulari Taldera batzeko dei egiten diegu. Ondarroako txistulariok asteazkenero batzen gara, Unanue musika eskolan”. Garai baten txistua ikasi zuten horiek praktika galduta badaukate ere, taldeko kideak laguntzeko prest daudela esan dute. “Datozela eta praktikagaz berriro ere trebatuko dira”.
Ondarroaren kasuan, zapatuetako txistularien kalejira ere galduta dagoela esan dute. “Batzuetan kanpotik etortzen dira txistulariak, eta jotzen hasten dira. Eta herritarrak harritu egiten dira eta gustura entzuten dituzte. Herrikoa ez dela baloratzen uste dugu”.