Bigarren postuagaz borobildu du Ondarroak Eusko Label Liga denboraldia
Urdaibai irabazlearengandik sei segundora sailkatu da 'Antiguako Ama' Portugaleteko uretan. Zazpigarren postuan amaitu du denboraldia.
Asteburuan amaitu dute Eusko Label Liga. Domekan [irailak 15] Portugaleten jokatutako 45. El Corte Ingles Bandera irabazita agurtu du denboraldia Urdaibaik; aurten ligan irabazi duen bandera bakarra. Azken urteetakoekin alderatuta, denboraldi zaila izan da talde bermetoarrarentzat. Ez zuen denboraldia ondo hasi, eta gero behetik gora joan bada ere, ez du nabarmentzerik lortu.
Lehenengo txandako denborarik onena ezarri zuen talde bermeotarrak (19.09,34) Portugaleten, eta faboritoak jarraian uretaratu baziren ere, beste inork ezin izan zuen Bou Bizkaia trainerua garaitu. Estropada bikaina eginda, Ondarroa sailkatu zen bigarren postuan, ia 6 segundora, eta hirugarrena izan zen Hondarribia, ia 19ra.
Bizkaiko Traineru Txapelketa hamabigarren aldiz irabazi, eta entrenatzaile aldaketaren ostean, gogor lanean jarraitu dute bermeotarrek, ez dute amore eman, eta azkenengo jardunaldian eskuratu du ekainaz geroztik lortu ezinda ibili den bandera.
Ondarroa, Donostiarra eta Cabogaz egin zuen arraun lehen txandan, eta lehen luzean izan ezik, azkarrenak izan ziren. Zelaia patroi zela, Antiguako Ama-k ere arraunketa oso ona egin zuen, eta Bou Bizkaia-k ezarritako erritmoari eutsi, eta parean egin zuten arraun azken luzera arte.
Ohorezko txandan, aldiz, Hondarribia (19.24,50) izan zen azkarrena, eta hirugarren postuagaz konformatu behar izan zuen Portugaleten. Ligako txapeldunak (19.43,62) lasai hartu zuen eguna, eta txandako denborarik txarrena ezarri zuen, eta estropadan ere Cabo (20.14,04) bakarrik izan zuen atzetik.
Oriok zapatuan bermatu zuen matematikoki CaixaBank Koroa, baina ikusteke zegoen sailkapen orokorrak azken uneko aldaketarik izango zuen. Hondarribia eta Santurtzi geratu dira Orioren atzetik; Iker Zabala bermeotarraren Sotera-k denboraldi bikaina burutu du, ligako oilarren parean lehiatuta.
Zierbena izan da laugarrena, Urdaibai bosgarrena eta Donostiarra seigarrena. Ondarroak Sestaoko banderan bi postu aurreratu eta bigarren zati indartsua egin eta gero, zazpigarren postua mantendu du; denboraldi «historikoa» bizi izan dute ondarrutarrek. Lekittarra-k mailari eusteko helburua ondo baino hobeto bete, eta hamargarren amaitu du. Datorren denboraldian TKEn izango ez diren San Pedro eta Astillero izan dira azken sailkatuak.
Sagua, podiumean. Patroi onenaren sailkapenari dagokionez, Lekittarra-ko Iñaki Goikoetxea Sagua hirugarren geratu da sailkapenean, 9 puntu bilduta. Urdaibaiko Eneko Bilbaok bosgarren postuan bukatu du denboraldia, 7 puntugaz, eta Ondarroako Jenaro Zelaiak, zazpigarren, 6 puntugaz. Donostiarra taldeko Arkaitz Diaz (19 puntu) izan da garailea eta Zierbenako Borja Gomez (11 puntu) bigarrena.
San Pedrok maila galdu du. Kanporaketa saioak lehiatu dituzte asteburuko bi estropadetan San Pedrok, Tiranek, Zarautzek, Aresek eta Deustok. Astillero matematikoki mailaz jaitsita, Eusko Label Ligan mantentzeko asmoz irten zen San Pedroko Libia uretara, eta mailaz igotzeko aukera baliatu nahi izan zuten gainerakoek.
Bermeoko Banderan abantaila eskuratu ostean, Portugaleten lehen bi postuetan sailkatuta berretsi egin zuten Zarautzek (19.48,58) eta Aresek (19.51,04) datorren denboraldian TKEn egongo direla.
Tiran izan zen hirugarrena, irabazlearengandik 12,68 segundora, eta Deusto Bilbao laugarrena. 16,98 segundotara. Bilbotarrek pozik egoteko moduko kanporaketa saioak egin dituzte asteburuan. San Pedro azkena izan zen, eta ezin izan zion mailari eutsi.
Orio garaile Bermeon. Sari bikoitza jaso zuen Oriok zapatuan. Bermeo Hiriko 37. Bandera–Avia Sari Nagusia irabazita Eusko Label Ligako txapeldun bilakatu zen matematikoki, historian lehenengo aldiz. Horrez gain, Donostiarrako Arkaitz Diazek patroi onenaren sailkapena ziurtatu zuen.
CaixaBank Koroa irabazteko azken puntu sortaren bila irten zen Orio (19.43,66) Bermeoko itsasora, eta hala egin zuen. Hondarribiak (19.46,50) estu hartu zuen hasiera-hasieratik, eta lehen luzean aurretik izan bazuen ere, Oriok hobeto neurtu zituen indarrak. Hirugarren luzean segundo bateko tartea atera zion aurkariari, eta laugarrenean handituz joan zen bien arteko distantzia.
Hirugarren postuan Santurtzi sailkatu zen, irabazlearengandik 4,74 segundora, eta Zierbenak estropada kaxkarra egin zuen; helmugan 33 segundo galdu zituzten.
Bou Bizkaia, laugarren. Lehenengo txandan aritu zen Urdaibai (19.51,06), eta indar erakustaldi paregabea eskaini zuen. Etxeko taldeari kontsolazio txandan ezarritako denborak estropadan laugarren izateko balio izan zion, zaletuen poztasunerako. Luze bakoitzean tarteak handitzen joan ziren, eta bosgarren egin zuen Donostiarrari 14,20 segundo atera zizkion bukaeran, 21,46 segundo seigarrena izan zen Ondarroari eta 44,90 segundo azkenari, Cabori.
Bestalde, play off-etako lehen jardunaldia lehiatu zuten. Lehen bost puntuak Aresentzat (20.12,52) izan ziren, eta Zarautz izan zen bigarrena, talde galiziarrarengandik hiru segundora. Deusto hirugarren sailkatu zen sei segundora, eta San Pedrok eta Tiranek itxi zuten txanda.