Piñastegiko txerri eta guzti ospatu dute Mutrikun Galbaixo jaietako azken txanpa
Ohitura zaharrei hutsik egin gabe, mahonezko arropa eta arrantzale zapia lepoan lotuta hasi dute eguna mutrikuarrek. Eguraldia lagun, moila eta inguruak urdinez tindatu dira beste urte batez.
Piñastei Egunak, gaurkoan [irailak 16], moilara eraman ditu Galbaixoetako ospakizunak. Erraldoien eta Buruhandien Konpartsaren kalejirak eman dio hasiera egunari. Bandaren doinuek alaituta, Goiko Plazatik irten, eta herritarrak moilaraino kalejiran joan dira Piñastegiko txerria eta haren txerritxoa gidari zutela. Kalejira moilara helduta, jaiak eztanda egin du portu eta inguru guztiak urdinez tindatuz.
Moilara heldu helduko, harrera berezia egin diote eguneko protagonistari Piñastegi Plazan. Piñastegiko txerri ezagunak 20 urte bete ditu gaurkoan, eta azken bi urtetan Piñastei Eguneko ospakizunetan faltan egon ondoren, gaur berriro irten da kalera eraberrituta. Txerriaren omenezko pregoi berezia bota dute, eta tartean, Zapatei kaleko errepublikaren zaindari ere izendatu dute. Ekitaldia, txerriarentzako bertsoak abesten amaitu dute.
Aizabia elkartearen eskutik, bestalde, beti-betiko jolasak egin dituzte portuko sarreran. Haur eta gaztetxoak ur-irinetan txanpon bila edo lurrezko itxulapikoak apurtzen ibili dira itsu-itsuka, han batutako ikusleen gozamenerako. Hainbesteko lanak hartuta gero, gainera, euren saria izan dute parte hartzaileek. Batzuk jolasean ari ziren bitartean, Aizabia elkarteko beste kide batzuk prestaturiko sardina erreen usain goxoa han-hemenka zabaltzen joan da. Lonja Zaharraren arkupera hurreratu direnek sardinak dastatzeko aukera ere izan dute.
13:05ak pasatxo bota du udaltzaingoak itxaplerua, eta horrekin batera, eguneko lehen sokamuturrari hasiera eman diote. 14:25etan amaierako txapligua bota arte, Ibiriko zezen eta behien aurrean ibiltzera ausartu direnen saltakaldiak gustura ikusi dituzte herritarrek hesi atzetik.