Berriatuko Eskola handitzeko lanak urte eta erdiz luzatuko dira
Ikasleek datorren astean eraikitzen hasiko diren barrakoietan jaso beharko dituzte klaseak. Jon Arriola alkateak esan duenez, aurreikuspenen arabera Gabonak eta gero pasatuko dira ikasleak barrakoietara.
Berriatuko Eskola handitzeko proiektua onartu du Hezkuntza Sailak, eta Jon Arriola alkateak azaldu duenez, urte eta erdi inguru luzatuko da egokitzapen prozesua. Murias enpresa izango da lanak aurrera ateratzeko ardura izango duena, eta bi milioi inguruko kostua edukiko duela esan dute arduradunek.
Datorren astean hasiko dute handitze lanen lehen fasea, eta ikasturtea jada martxan denez, ikasleek Gabonetatik aurrera ikasgela moduan erabiliko dituzten barrakoiak eta herriko frontoian izango duten jantokia prestatzen jardungo dute langileek. Gabonak eta gero aurreikusten du Arriolak ikasleak barrakoietara bideratzea: “Urtebetez jaso beharko dituzte klaseak bertan, eraikinaren berritze lanek iraun bitartean”.
Herritarrak urte luzez aldarrikatzen egon diren erreformak burutzear daude, “eskolak datozen urteetan egon litezkeen eskaeretara moldatua egoteko premia” baitzuen. Orain arteko ikasle edukiera bera izaten jarraituko du eraikin berrituak, 130 inguru, baina instalazioak gaurkotuko dituzte. Guztira, sei gela berri izango ditu eskolak. Hala nola, informatika gela berri bat, areto handia, musika gela, irakasle gela… Eskola handitzeko obrak komunak eta hormak garbitzeko ere aprobetxatuko dituztela adierazi du alkateak.