Gaztetxoentzako bertso eskola sortu nahi dute Mutrikun
Urriaren 4an egingo dute lehen saioa, 18:00etan, Luardon. Helduen eskolako lehen saioa ere egun berean egingo dute, baina ordubete beranduago.
Mutrikuko Bertso Eskolako kideek adierazi dutenez, gaztetxoentzako bertso eskola jarri nahi dute martxan, herrian bertsozaletasuna sustatu, bertsotan ikasi, baina, batez ere, kantuan ondo pasatzeko asmoa dutenentzat. “Ikasteko edo hizkuntzarekin jolasteko gogoa duten gaztetxoei aukera eskaintzea da helburua. Gure nahia bertsotan egiteko gogoa duten gazteei aukera zabaltzea da. Ikastolan ere lantzen dute bertsolaritza, eta bertso eskolaren eskaintza pausu bat gehigo eman nahi dutenentzat dela ere iruditzen zaigu”.
Bertso Eskolako arduradunek aurreratu dutenez, barikuetan elkartuko dira, 18:00etatik aurrera, Luardon, Bertso Eskolaren lokalean. Bertan parte hartzeko asmoa dutenek 678 07 41 10 telefono zenbakira deitu beharko dute urriaren 4a baino lehen. “Urriaren 4an egingo dugu lehen saioa. Bezpera arte deitzeko aukera egongo da”. Nabarmendu dutenez, izena ematerako orduan ez dago adin mugarik. “Izena ematen duten kopuruaren arabera antolatuko ditugu taldeak”.
Helduen bertso eskola ere barikuetan batzen hasiko dela gaineratu dute. 19:00etan jarri dute hitzordu, Luardon. “Horra ere gonbidatuta daude nahi duten herritar guztiak. Bertsolaritzaren edozein esparru gustatzen zaion orori zuzenduta dago”. Lehen saioa urriaren 4an egingo dute. “Saiora etortzearekin nahikoa izango da”.