Lekeitioko Udalak 2019ko San Antolin jaien balorazio positiboa egin du
Ekintzek erantzun bikaina izan dutela jakitera eman dute. Kontzertuek jende kopuru handia batu dute. 8.783 bidaiarik erabili zuten Bizkaibusa Antzar Egunean Lekeitiora heltzeko.

Lekeitioko San Antolin jaietako ekintza guztiak normaltasun osoz aurrera eraman izana eta herritar zein bisitarien parte hartze handia nabarmendu ditu Lekeitioko Udalak aurtengo San Antolin jaien balorazioa egiterakoan, eta Jai Batzordeko kideak zoriondu ditu “prestatutako egitarauagatik eta horrek izandako arrakastagatik”. Ekintzak aurrera eramatea posible egin duten kuadrilla, boluntario, talde eta udal langileen lana ere estimatu dute.
“Urtero bezala, eskertzekoa da irailaren 1erako mozorroak prestatzeko jendeak izan duen dedikazioa eta baita txalotzekoa da goizetik giro ona sortzen aritzea ere. Kirol eta kultur ekintzek harrera ona izan zuten, partaidetza handia hartu zuten eta ikusle kopurua ere altua izan da”, adierazi dute. Irailaren 2ko su artifizialak azpimarratu ditu udalak eta paella txapelketako parte hartzeak zertxobait gora egin duela ere aipatu dute. “Jendeak agertu duenaren arabera, suak asko gustatu dira, aurtengoan tala eta abadeen moilatik bota dira, musikarekin girotuz”.
Aipamen berezia egin diote kontzertuen egitarauari. “Jaietako ia egun guztietan kontzertuak izan ditugu, eta ikusleen gustu anitzei bideratutakoak izan dira. Jaietako kontzertu guztietan plaza beterik egon zela azaldu dute, baina, batez ere Antzar egunean Huntza eta Oxabi taldeekin eta irailaren 6ean, Anita Parker eta Gatibu taldeekin jende kopuru handia batu zela azaldu dute. “Hori aurreikusita segurtasun neurri bereziak hartu ziren”.
Bestalde, Garilak 26 taldearen kontzertuan ezbeharrak egon zirela ere jakitera eman dute. Azaldu dutenez, “ikusle batzuen jarrera zela eta”, bertan behera geratu zen kontzertua orduz aurretik.
Ume eta gazteentzako ekintzek ere arrakasta handia izan zutela jakitera eman dute. “Aipatzekoak dira betidanik egiten diren mastapunta, buruhandiak eta puzgarriak eta, horiez gain, kaleetan zehar ibili ziren 4 suzko zezenen kalejira ere oso jendetsua izan zen”.
Aurten, estreinako, aniztasun funtzionala edota beharrizan bereziak dituzten haurrek barraka eta puzgarrietan lehentasuna izateko txartelak banatzeko ekimena jarri zuten martxan, eta guztira sei erabiltzaile izan ditu ekimenak bere lehenengo urtean. “Era berean, zaratarekiko hipersentsibilitatea duten haurrek ere barrakez goza dezaten, feriakoek, irailaren 2an eta 7an, 17:00etatik 19:00etara, ez zuten musikarik jarri eta, beraz, feria gunea isilik egon da 2 orduko tarte horretan”.

Lekeitioko Antzar jaia 2019.
Antzar Egunari dagokionez, Antzartek-en goranzko joera nabarmendu dute. Azaldu dutenez, aurten, bigarren aldiz jarraian, kuadrilla gehienek Antzartek aukeratu zuten antzar naturalaren aurretik. “Kuadrillen %65a antzar mekanikoaren alde agertu zen, zehazki parte hartu zuten 95 kuadrilletatik 62k aukeratu zuten Antzartek. Antzar naturala berriz, 33 kuadrillak. 2018an 90 potinetik 56k antzar mekanikoa aukeratu zuten, 2017an 82 potinetik 35k, 2016an 85 potinetik 32k eta 2015ean 84 kuadrillatik 19k. “Aipagarria da ere, Antzartek aukeratu zuten 62 koadriletatik 46 lekeitiarrak edo eskualdekoak izan zirela eta 16 kanpokoak”.
Osakidetzaren datuen arabera, Antzar Egunean 39 esku-hartze egin zituzten Osakidetzako zerbitzuek. “Horietatik 11 kasutan ezbeharraren lekura heltzean ez zegoen inor eta 2 kasutan eurak izan ziren zuzenean etorri zirenak”. Beste 26 esku-hartzeak bizi-euskarri aurreratuko eta oinarrizko bizi euskarriko zerbitzuen bidez egin zituzten. “Anbulantziak hamabi pertsona hartu zituen eta horietatik bost Lekeitioko Etengabeko Arreta Gunera bideratu zituzten. Era berean, bederatzi pertsona eraman zituzten Galdakao, Gernika eta Gurutzetako ospitaletara, horietatik bat helikopteroan”. Osasun esku-hartze gehienak etilismo, traumatismo eta bi agresibitateagatik izan zirela zehaztu dute.
Gurutze Gorriak bestalde, 42 langile izan zituen Lekeition Antzar Egunean: anbulantziak, ontziak eta postu bat. Guztira 16 esku-hartze egin zituzten antzar jaian, eta horietako batean Lekeitioko osasun etxera eraman behar izan zuten pertsona bat. Gaueko orduei dagokionez, 14 esku-hartze egin zituzten, sei sorospen eta zortzi lekualdatze Lekeitioko osasun etxera.
Bestalde, Bizkaibusek antzar egunean autobus zerbitzu berezia jarri zuen, eta guztira, 8.783 bidaiari egon zirela jakinarazi dute, iaz baino %15 gehiago.
Kaleetako garbitasunari dagokionez, jai egun jendetsuenetan, langile gehiago egon zirela azaldu dute, kaleak garbitzerako orduan, kamioi, putzegile, mahukak eta bestelakoak erabiliz. “Guztira jaietan 14.200 kilo zabor batu dira; antzar egunaren ondoren batu zen zabor kopuru handiena, 7.680 kilo”.
[2019KO SAN ANTOLIN JAIETAKO ARGAZKI GALERIA]


























































































































































































































