Lekeitioko Uribarren Abaroa Fundazioak ekitaldi bereziagaz ospatu du 150. urteurrena
Plaka bat jarri dute egoitza nagusiaren atarian fundazioaren erabiltzaile eta langile guztien oroigarri.

Lekeitioko Uribarren Abaroa Fundazioaren 150. urteurrena ospatu zuten zapatuan [irailak 14] bertan egoitzan. Erabiltzaile eta langile guztiak omendu nahi izan ditu Fundazioak bere urteurrenean, eta ospakizun berezia antolatu zuten zapaturako.
Egoitzako kaperan meza entzunda, kanpokaldean jarraitu zuen ospakizunak. Plaka bat jarri zuten egoitza nagusiaren atarian, fundazioaren patronoei eskerrak emanez. Fundazioaren gobernu eta ordezkaritzarako kide anitzeko organoa patronatuko batzordea da, eta Lekeitioko parrokoak, Lekeitioko alkateak eta Uribarren eta Abaroa familietako ondorengoek osatzen dute. Horiek izan ziren, hain zuzen ere, plaka bistaratzearen arduradunak: Kepa Mirena Agirre Zelaia parrokoa, Koldo Goitia Markuerkiaga Lekeitioko alkatea eta familietako ordezkariak.

Uribarren Abaroa egoitzaren atari nagusian jarri duten plaka. Argazkia: Lekeitioko Udala
Plaka bistaratuta, aurreskua dantzatu zuten, eta elizako abesbatzak jarri zion egunari doinua.
Fundazioa. Uribarren Abaroa Fundazioa irabazi asmorik gabeko erakundea da, 1869. urtean eratua Jose Javier de Uribarrenen eta Pascual de Abaroaren eskutik. Denboraren poderioz, gizartearen behar eta eskaeretara moldatzen joan zen, eta 1978an egoitza bihurtu zen. Mendekotasun arriskuan dauden adineko pertsonei arreta ematen die.