Haurrentzako irakurketa kluba antolatu dute Ondarroako udal liburutegian
Helduekin egiten den modura, baina egokitutako formatuan, 3 eta 5 urte bitarteko haurrentzako irakurketa kluba antolatu du Ondarroako Txomin Agirre udal liburutegiak.
Udal ordezkariek azaldu dutenez, haurrentzako irakurketa kluba ekintza berria da; helburua irakurzaletasuna haurrengan zabaltzea da”. Ekintzak urriko martitzenetan egingo dituzte liburutegian, 17:00etan hasita, bi astetik behin. Honako egunetan egingo dituzte saioak: urriaren 1ean, 15ean eta 29an.
Aurreratu dutenez, Galtzagorri elkarteak zuzenduko ditu saioak. “Bertan gurasoek euren seme-alabekin batera partekatuko dituzte irakurketa une batzuk”. Ekintzan parte hartzea doakoa da, baina aldez aurretik izena ematea beharrezkoa da. “Ekintzetan, gehienez ere, 15 umek eta euren gurasoek parte hartu dezakete”. Izen ematea liburutegiko harreran bertan edo 94-683 33 43 telefono zenbakira deituta egin beharko da.
Urrian eta azaroan, gainera, ipuin kontalarien lau saio egingo dituzte liburutegian, 4 eta 7 urte bitarteko umeentzat. Saio bakoitzak hiru emanaldi edukiko ditu: 09:30ean, 11:00etan eta 14:30ean. “Guztiak herriko ikastetxeetako ikasleei zuzenduta egongo dira”.
- Urriak 7, astelehena. Kiliklon, 09:30ean, 11:00etan eta 14:30ean, 5 urteko umeentzat.
- Urriak 18, barikua. Maider Galarza 09:30ean, 11:00etan eta 14:30ean, 4 urteko umeentzat.
- Urriak 21, astelehena. Amaia Elizagoien 09:30ean, 11:00etan eta 14:30ean, LH2ko umeentzat.
- Azaroak 4, astelehena. Izaskun Mujika 09:30ean, 11:00etan eta 14:30ean, LH1eko umeentzat.