Ibilbide berria edukiko du Ondarroako Tontorramendiko igoera bertikalak
Ekintza zapatuan [irailak 21] egingo da. Iazkoaren aldean ibilbide motzagoa edukiko du lasterketak. Parte hartzaileek 2,2 kilometroko ibilbide aldapatsua osatu beharko dute.
Aurrera Mendi Taldeak eta Ondarroako Gazte Asanbladak elkarlanean antolatuta, Tontorramendira VI. Igoera bertikala egingo dute, zapatuan [irailak 21]. Lasterketak 12:00etan irtengo du Ondarroako Gaztetxe aurretik. Izen ematea lasterketa hasi baino ordu erdi arinago egin ahal izango da, doan, Gaztetxean bertan.
Lasterketak, aurten, aldaketa handia edukiko duela eta aldi berean ikusgarritasunean irabaziko duela aitortu dute antolatzaileek. Iazko lasterketak 2,8 kilometro inguruko luzera eduki zuen, baina inguruetan bide aproposagoa garbitu dute, eta azken unean ibilbidea aldatzea erabaki dute. Aurtengoak iazkoak baino 600 metro gutxiago edukiko ditu; 2,2 kilometro denetara. “Distantzia moztu baldin bada ere, lasterketa gogorragoa eta biziagoa izango da. Askoz bertikalagoa izango da, parte hartzaileek aldapa gogorragoak igo beharko dituzte”.
Aurtengo ibilbideak, hain zuzen, gasaren bidea jarraituko du, antenara arte. Antenatik Tontorramendi tontorrera doan zatia, berriz, betikoa izango da. “Antenara arte gasaren hodiak doazen zutoin horiak daude jarraitu beharko dituzte parte hartzaileek”.
Ibilbideari dagokionez, lasterketari ekin orduko ibilbideko aldaparik -eta gogorrenari aurre egin beharko diote korrikalariek. Antolatzaileen, esanetan, lasterketako zatirik zailena izango da. “Zati batean %70-75eko aldapa du, parte hartzaileek besoak ere erabili beharko dituzte igotzeko”. Zatirik ikusgarriena, ohi modura, azken aldapa izango dela gaineratu dute. “Korrikalariak oso nekatuta datoz, eta azken metro horiek erabakigarriak izaten dira. Ibilbidea oso luzea ez baldin bada ere, parte hartzaileek indarrak ondo neurtzen jakin beharko dute”.
Antolatzaileek lasterketa ikustera joateko asmoa duten zaleei lasterketa aurretik igotzeko gomendioa egin diete, parte hartzaileen lan ez oztopatzeko. “Igotzeko, mesedez, ez erabili lasterketaren bidea. Bertaratzen direnei aurretiaz ibiltzeko eskatu nahiko genieke. Modu horretara ez da inolako arazorik sortuko”.
Lasterketa, ohi modura, Tontorramendiko harria ikutzen duen lehenengoak irabaziko du, eta antolatzaileen esanetan, lehen korrikalariek 20 minutu inguru behar izaten dituzte ibilbidea osatzeko. Kategoria bakoitzeko lehen hiru sailkatuek oroigarriak jasoko dituzte ostean Gaztetxean egingo den sari banaketan. “Sari banaketagaz batera hamaiketakoa ere egingo dugu”.
Antolatzaileek parte hartzea bultzatu nahi dute, batez ere, emakumeena. Urtetik urtera partaidetza gora doa, eta aurten ere bide horretatik jarraitzea espero dute. “Parte hartzaileei presiorik barik hurreratzeko eskatu nahi diegu. Askok lasterketa dela ikusten dute, eta ez dute parte hartzen. Marka on bat baino garrantzitsuagoa, parte hartzea da”.