Ikasleentzako Geoeskolak proiektua garatzen ari da Geoparkea
Geoeskolak proiektua Geoparkea eta bere balioak ezagutzeko programa didaktiko bat da. Metodologia praktikoa erabiliz, Geoparkeak duen geodibertsitatea, biodibertsitatea eta ondare kulturala ezagutzera ematea du helburu.
Geoeskolak proiektuak, metodologia praktikoa erabiliz, Geoparkeko baliabide didaktikoak eskoletan lantzea du helburu, ikasleek Geoparkea zer den ezagutu dezaten. Egitasmoak erabiliko dituen bitartekoak, baliabide geologikoak, ekologikoak edota kulturalak dira, besteak beste.
Programaren metodologiak berritzailea izan nahi du, eta maila bakoitzeko ezagutzetara egokitzen da. “Prestatu diren unitate didaktikoek ikasleen gaitasunak landu nahi dituzte, batez ere. Lantalde txikien bitartez erronka desberdinak planteatzen dira, eta ikasleek arazo-egoera bati egin beharko diete aurre”.
Lehen hezkuntzatik hasi, eta batxilergora arteko hezkuntza ibilbidean, hurrengo urteetan bederatzi jarduera prestatzeko asmoa du Geoparkeak Mutrikuko, Debako eta Zumaiako geodibertsitatea, biodibertsitatea eta ondare kulturala ezagutzeko. “Mutrikuko marinelen istorioak, Debako historiaurreko arkeologia, edota Zumaiako itsasertzeko altxor geologikoak izango dira, besteak beste, Geoeskolak programan landuko diren gaiak”.
Geoeskolak proiektua garatzeko Geoparkeak hainbat eragileren laguntza eduki du; inguruko irakasleak, Algorri Interpretazio Zentroaren begiraleak, Ingurugela zentroetako teknikariak eta EHUko Zientzia Esperimentalen Didaktika saileko irakasleak, esate baterako.
Dagoeneko, DBH3 eta 4koei zuzenduta dagoen Zumaiako itsaslabarretako geodibertsitatea ezagutzeko unitatea landu du Algorri Interpretazio Zentroak duen ibilbide eta jakituria hizpide erabilita. “Hainbat taldeekin metodologia praktikan jarri, eta zenbait aldaketa egin ondoren, interesa duen edozein ikastetxeren eskura jarri da unitate didaktikoa Algorriko Interpretazio Zentroan. Bigarren jarduera bat prestatzeko prozesua ere abian da. Kasu honetan, Mutrikuko Nautilus Museoko bilduma balorean jartzea da helburua”.