John J. Tracy Boeing enpresako presidenteorde izandakoa Ondarroan egon da
John J. Tracy Ondarroako Turismo Bulegoko ordezkarien eskutik bere amonaren jaioterria ezagutzen egon da gaur [irailak 18] goizean.
Zaragozako (Espainia) unibertsitatean ikasturte hasierako berbaldia eskaini du asteon, eta han eman beharreko hitzaldia baliatuta, Ondarroa bisitatzea erabaki du. “Bere amona ondarrutarra zen, Maria Angeles Martinez de Alegria Zelaia. Ondo gogoratzen du bere aiton-amonen argazkia gaur egunon Zubi Barriaren hasieran, Musika Eskola inguruko bidegurutzean. Idatzi berri duen Knowledge is power: partnerships for innovation liburuan ere azaldu da argazkia”.
John J. Tracy Kaliforniako (AEB) State University-Dominguez Hills unibertsitatean fisikako doktorea da, eta Boeing aeronautika enpresa ezaguneko presidenteordea eta teknologia zuzendaria ere izan zen 2006tik 2016ra. Orain jubilatuta dago.
Emazteagaz eta Juan Jose Alba eta Jesus Arauzo Zaragozako unibertsitateko irakasleekin batera bisitatu du Ondarroa. Bisita egin ostean, Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga alkateak hartu ditu udaletxean. “Esan duenez, bere aiton-amonek 1900 urte inguruan hartu zuten AEBetarako bidea. Hain zuzen, Idahora joan ziren, bertan zegon euskaldun komunitatera batzeko. Inoiz ez du zehazki jakin ahal izan bere arbasoek sorterria zergatik utzi behar izan zuten, baina jatorria ezagutzeko gogoa azaldu du. Oso hunkituta etorri da Ondarroara, eta bere emazteak aitortu du beti amestu izan duen bidaia izan dela bere arbasoen jaioterrira egindakoa”.
Alkateak txalupa bana eman die oroigarri legez lau bisitariei, eta Tracyk Ondarroako margolan bat ere eraman du. “Oso hunkituta eta eskertuta amaitu du bisitaldia. Zaragozako Unibertsitatearen ikasturte hasieran emandako hitzaldia liburu formatuan oparitu dio alkateari, aitortza eta guzti, berari egindako harrera eskertuz”.