37. Aitxe Kutz Txirrindulari Saria lehiatuko dute Berriatuan
Zapatuan [irailak 21] lehiatuko dute lasterketa, 16:00etan. 42 kilometro izango ditu ibilbideak. Lea-Artibaiko txirrindulari ugarik parte hartuko dutela esan dute antolatzaileek.
37. Aitxe Kutz Txirrindulari Saria lehiatuko dute kadeetek zapatuan [irailak 21], 16:00etatik aurrera, Berriatuan. 18. Juan Luis Kanterape Memoriala izango da, eta txirrindulariek 42 kilometro egin beharko dituzte. Herrian bertan hasi eta bukatuko dute proba, eta tartean, Ondarroa, Plazakola, Merelludi gaina, Oleta eta Lekeitio igaroko dituzte.
40 bat partaide lehiatuko dira eta Bizkaiko talde guztiak bertaratuko dira. Berriatuko Txirrindulari Elkarteko kideek jakitera eman dutenez, Lea-Artibaiko kirolari ugarik hartuko dute parte lasterketan. “ Neskek ere aukera izango dute proban aritzeko, baina oraindik ere ezin dugu ziurtatu zenbat etorriko diren”.
Ibilbideko lehen itzulian tarteko helmuga izango dute txirrindulariek Berriatuan, eta mendiko saria izango du Milioi gainetik igarotzen den lehenak. Horrez gain, Aitxe Kutz Txirrindulari Sariaren irabazleak txapela jasoko du, eta sari berezi bat emango diote Lea-Artibaiko lehenengoari. Antolatzaileek ibilbidearen gogortasuna azpimarratu dute, izan ere, “aldapa luzerik ez badago ere, Berriatuatik Lekeitiora doan bidea oso gorabeheratsua da, gogaikarria”.