Barikuan zabalduko dute Mutrikuko Lapatxoko Gaztelekua
Hezitzaile berriak edukiko ditu gaztelekuak. Gaztetxoentzako ludoteka zerbitzua ere abian dago.
Mutrikuko udal ordezkariek jakitera eman dutenez, 17:30ean, aurkezpen ekitaldia egingo dute DBH1ekoekin. 18:00etatik 21:00etara, berriz, gainontzeko mailentzako (DBH eta Batxilergoa) ere zabalik egongo da gaztelekua. Aurreratu dutenez, hezitzaile berriak edukiko ditu gaztelekuak. Zerbitzuaren ardura Leire Irizarrek eta Ur Letek edukiko dute. Aurten gainera, Ping Pong eta futbolin mahai berriak ere estreinatuko dituzte.
Gaztelekuaren funtzionamenduari dagokionez, asteburuetan zabalduko dute, barikutik domekara. Bariku eta zapatuetan 17:00etan 21:00etara zabalik egongo da zerbitzua, eta domekan, berriz, ordubete arinago itxiko dute, 20:00etan.
Gaztetxoentzako ludoteka zerbitzua ere abian dago. Martitzenean [irailak 17] zabaldu zuten, eta irailean ate irekiak saioak egingo dituzte. Leire Gomez eta June Santxez hezitzaileak arduratuko dira zerbitzua dinamizatzeaz.