Gela berriak estreinatu ditu Lekeitioko Musika Eskolak
Lekeitioko Udalak herriko Musika Eskola egokitu du udan. Erdiko solairuko gelak banatu eta komunak eta sarrera egokitu dituzte iriste erraztasuna bermatzeko.
Azken asteetako prestaketekin amaituta, aste honetan hasi da martxan Lekeitioko Musikaia Musika Eskola. Iaz bezala, uda garaiko oporrekin baliatu da Lekeitioko Udala, Musika Eskola egokitzeko lanak gauzatzeko. Horrela, gela berriak aurkitu dituzte ikasleek ikasturte berrian.
Abuztuko azken astean amaitu zituzten, Gaztegunea eta Musika Eskola dauden Eliz Atea kaleko udal eraikinaren lehen solairua egokitzeko lanak. Lehen solairua geletan banatu dute eta sei gela berri atera dituzte. Gelak hosgabetu egin dituztela jakitera eman du Oihana Etxabe Musikaiako zuzendariak. “Musika Eskola bat izanik gelak hosgabetzea garrantzitsua zen guretzat”. Pozik daude eraldaketarekin; gela handi eta argitsuak geratu zaizkiela esan du Etxabek. “Iraila hasieran leku aldaketa egin behar izan dugu, eta neketsua izan den arren oso gustura geratu gara”. Gela berriez gainera, komunak eta sarrera ere berritu dituzte, iriste erraztasuna bermatzeko.
Zuzendariak azaldu duenez, hiru solfeo gelentzat espaziorik handienak aukeratu dituzte, besteetan instrumentuak ikasteko aukera egongo da. “Guztira 11 irakasle gaude, baina ez gara egunerao guztiok egoten eta gela batzuk partekatzeko aukera daukagu”.
Lan berriak eginda, Musikaia Musika Eskolako ikasle guztiak eraikin berean egon ahalko dute aurten. “Joan den ikasturtean oraindik batzuk Nautikan geratu behar izan zuten, baina orain denok gaude”. Hala ere, Nautikan oraindik gauzak gordetzeko gela bat daukatela aitatu du. Guztira, 370 ikasle dituzte aurten, iaz baino 41 gehiago.
Azken fasea. Lehen solairua egokituta, eraikina egokitzeko azken fasea faltako da orain. “Beheko solairua berrantolatuko dute datorren udan. Behean zuzendaritza, irakasle gela eta harrera egongo lirateke”.
Musikaia Musika Eskolakoekin batera Gaztegunekoak ere batzen dira eraikin horretan urritik maiatzera bitartean. Azaldu dutenez, horiek ez dute lehen solairua erabiliko, beheko eta goiko solairua elkarbanatuko dute musika eskolakoekin.