Mikel Lertxundi: "Berriz jaiota ere ez nuke artea ez den beste ezer egiterik nahiko"
Lan askoko urtea izan da aurtengoa Mikel Lertxundi eskultore berriatuarrarentzat. Bere unibertso propioan sakonduta, egiten eta sentitzen duenari buruz hitz egin du.
Uztailean Bilboko Rekalde aretoan inauguratu zenuen Orekaren bila erakusketak (urriaren 13ra arte egongo da ikusgai) azken 30 urteetan zuk garatu duzun unibertsoa islatzen du. Zelakoa da zure unibertso hori?
Duela 45 urte inguru eskulturgintzan hasi nintzenean material desberdinak lantzen hasi nintzen, baina laster neure bide propioa ikertu eta landu nahi izan nuen; natura eta ingurua aztertuz eskultura egiteko modu pertsonal bat bilatu nuen. Espaziotik lurrera eta lurretik espaziora bidaiatzen dut nik pentsamenduagaz, eta bidaia horretan aurkitu eta jasotzen dudana azaltzen dut gero plastikaren bidez. Material batzuk aukeratu nituen, eta horien mundua eta elkarketa maila teorikoan eta praktikoan ikertu eta garatu dut urteetan. Berezitasun horiek erakusten dute nire mundu ikuskera eta harenganako eta bertan bizi garen gizakionganako ardura.
Erakusketagaz batera, Maribel Aiertzak Lertxundi: espazioa, lurra, denbora liburua aurkeztu zuen. Bi lanak uztartuta daude?
Ez da Rekaldeko erakusketaren katalogo bat, baina nire pentsamenduaren eta obraren inguruko liburua bada neurri handi batean. Aurten Bilbon hiru erakusketa garrantzitsu egiten ari naizenez, nire ibilbidearen azterketa sakona, osagarri aproposa den liburu berezi bat egin nahi izan dugu bion artean, duela 30 urte Euskadi Saria irabazi zuen Lertxundi euskaradun arte unibertsala egin genuen bezala. Oraingoan artean eta naturan jarri dugu fokua, eta tonu filosofiko-poetikoa eman diogu.
Harria, burdina eta egurra dira zuk erabiltzen dituzun elementuak. Tarteka, haizea, ura eta suagaz uztartzen dituzu. Lantzerakoan, ze elementu da zailagoa? Zergatik?
Bai, nire obraren ezaugarri nagusiak dira erabiltzen ditudan materialak. Eta gero, batzuetan, hiru elementuak txertatzen ditut. Ez edonola, beti ere elkarren arteko erlazio bizi-emailea bilatzen dut: ura harrian jartzen dut, airea egurrean eta sua burdinan. Ideia garatzeak ematen du lanik handiena, beti zerbait gehiago eta hobea lortu nahi duzulako. Tailerrean materialekin ondo eramatea da gakoa. Urteen poderioz ondo ezagutzen ditut denak, eta materialak lantzea baino materialak aurkitzea egiten zait zailagoa. Eskulturetan elementuak (ura, airea eta sua) sartzea bai da zaila.
Zelan lortzen da elementuen arteko oreka?
Naturak baditu bere printzipioak eta legeak, eta orekak ere bai. Hiru euste-puntu behar dira oreka lortzeko. Estetikan oreka faktore garrantzitsua da. Konposizio baten atal osagarriak haien artean orekan egoteak edo ez, sentipen atsegina edo kontrakoa eragiten du ikuslearengan. Nik eskultura bat egiten dudanean ardura berezia jartzen dut materialen neurrietan, formetan, posizioetan, kolore eta testuretan… Hor aurkitu behar dut oreka. Bakoitzak bere izaera mantentzea nahi dut, eta bere onena ematea osotasunari.
Betidanik eduki duzu materialen berezko ezaugarriak eta jarrerak ezagutzeko interesa. Deskubritu dituzun ezaugarri eta jarrera horiek zeintzuk dira?
Beharrak sortutako interesa izan daiteke. Ume-umetan ezagutu nuen buztina, adibidez, eta eskulanak egiten nituen haregaz. Seguruenik hori izan zen arteagaz izan nuen lehen harremana. Baserriko zelaietan buztina aurkitu eta garbitu egin behar izaten nuen, lur arruntetik bereizi. Jostailuak egiteko material aproposak bilatu behar izaten nituen. Horrek materiala ezagutzea eskatzen du. Gero, eskulturan hasita, hiru material hain desberdinak elkarrekin harmonian lotzeko oso ondo ezagutu behar izan ditut bakoitzaren ezaugarriak eta portaerak. Deskubritu dudana da historia luzea daramagula gizakiok harriagaz, egurragaz eta burdinagaz, eta bakoitzari badakigula zer hartu.
Non lortzen duzu inspirazioa?
Naturara eta ingurura begiratuz gehienbat. Artistarena ofizioa baino bizimodua da; sekula ez duzu guztiz deskonektatzen.
Zure obra jendearengana heltzeak zelan sentiarazten zaitu?
Gero eta gehiagok ezagutzen dituzte, bai. Eta aurten, hain zuzen Bilbon egiten ari naizen erakusketa hirukoitzagaz ahalegin berezia egin nahi izan dut nire lana publiko mota guztietara iritsi dadin. Artea ikusgarriago eta eskuragarriago jartzeko ahalegina izan da, eta pozik nago ikusleen harreragaz. Artista bat poztu egiten da umeak eta nagusiak bere eskulturekin ondo harremantzen direla ikustean. Horrek sortzen jarraitzeko animoa indartzen du.
Zure lanak areto itxietan eta aire librean, espazio publikoan ere erakutsi dituzu. Non sentitzen zara erosoago?
Udaberrian zazpi eskultura handi jarri nituen Bilboko zazpi leku enblematikotan. Halako proiektu batek lan eta esfortzu ikaragarria eskatzen du. Askoz erosoagoa da barruko erakusketak egitea, baina kalekoaren emaitza jende gehiagorengana iristen da, eta horrek poztasun berezia ematen dit.
Obra erakutsiko den lekuan pentsatuta egiten duzu?
Ez beti, baina aurrez badakit nonbaiten jartzeko edo erakusteko aukera izango dudala, gustatzen zait lekuagaz pentsatuta egitea. Rekalden erakusteko obretan, esate baterako, espazioa oso kontuan izan dugu. Eta hori igarri egiten da emaitzean. Espazioak eta eskulturak elkar egiten dute. Elkarri bizitza eman diezaiokete edo elkar hil. Kanpoko eskulturak egiten ditudanean ere, lekuan ongi integratuko den pieza egin edo aukeratzen dut.
Non gustatuko litzaizuke kokatzea obraren bat? Edo dagoeneko balego, zein leku da zuretzako berezia?
Kanpoan eta batez ere naturan egindako interbentzioak gustatzen zaizkit: Aisureta, Txepetxabixe, Paresi eta Urepel plaza. Baina sufritu ere egiten dut, ez direla behar bezala zaintzen ikusita. Garbiketa eta mantenimentu falta handia ikusten dut. Aukera edukiz gero, gustura jarriko nituzke eskulturak falta zaizkidan Lea-Artibaiko herrietan. Ibilbide eskultoriko bat osatzeko aukera egongo litzateke.
Zer darabilzu esku artean?
Aurtengo urte biziaren ondoren atseden hartu eta lanean jarraituko dut, beste amets baten atzetik: Australian erakusketaren bat egitea. Kontinente hori falta zait.
Ehunka erakusketa egin dituzu, eta oraindik ere lan eta lan jarraitzen duzu. Zortekoa zarela uste duzu?
Zortekoa naiz, dudarik gabe. Baina zorte ona eta lan asko, biak behar izan dira ni honaino iristeko eta artista izateko umetako nahia egia bihurtzeko. Baina berriz jaiota ere ez nuke artea ez den ezer egiterik nahiko.