Ondarroako Galizia Etxearen 50. urteurreneko jaialdi berezia egingo dute
Urteurreneko jai berezia bariku [irailak 20] eguerdian hasi, eta domeka [irailak 22] iluntzera arte etenik barik ospatuko dute Itsasaurren. Erakargarrien artean musikak ere pisu handia izango du. Galiziako Astarot rock talde ospetsuak Itsasaurren joko du.
Galizia Etxeak 50 urte bete zituen ekainean, eta urteurren egunaren bezperetan ekitaldi berezia egin ostean, hain data berezia herritarrekin batera ospatzeko jai berezia egitea erabaki dute Galizia Etxeko ordezkariek. “Irailean sekula ez dugu jairik antolatu. Urteurrena delako egingo ditugu jaiak. Ondarroako herriari azken 50 urtetan eman diguten babesa eskertu nahiko genioke modu horretara. Beste horrenbeste edo gehiago anaikidetzan jarraitzea espero dugu. Herritar guztiak jaiez gozatzera gonbidatuta daude”.
Urteurreneko jai berezia bariku [irailak 20] eguerdian hasi, eta domeka [irailak 22] iluntzera arte etenik barik ospatuko dute. Itsasaurre plazara hurreratzen direnek Galiziako folkloreagaz zipriztintzeko aukera izango dute. “Antolatu ditugun ekintza kultural hauek denon gustukoak izango direla espero dugu”.
Aurreratu dutenez, oro har, Karmenetan eskaintzen duten antzerako eskaintza kulturala egongo da. “Edukiko ditugun taldeak aldatuko dira”. Datozen egunotan ez da ekimenik faltako. Goizetik eguerdira bitartean, Itsasaurren propio ipinitako txosnetan, Galiziako produktu tipikoak dastatzeko aukera egongo da egunero: olagarroa, enpanada galegoa, lakoia, Tetillako gazta… dastatu ahal izango dira Galiziako ardo tipikoekin bustita.
Erakargarrien artean musikak ere pisu handia izango du. Gaiteroak eta dantzariak kalez kale ibiliko dira hurrengo egunotan, eta Itsasaurreko kontzertuetara bertaratzen direnak dantzan ipiniko dituzte. Zapatuan [irailak 21], ekitaldi ofizialaren ostean Galiziako eta Euskal Herriko kulturaren onena batuko dira Itsasaurren. “Markina-Xemeingo Zerutxu dantza taldea eta Barakaldoko Galizia Etxeko Doce Lembranzas gaita eta dantza taldeek emanaldia eskainiko dute”. Cangas de Morrazo-ko Astarot rock talde ospetsuak ere Itsasaurren joko du. “Galizian oso talde ezaguna da”.
Asteburuan Galiziako beste hainbat ohitura ere gogora ekarriko dituzte. Zapatu gauean, esaterako, queimada prestatuko dute. Kanabera likorea, kafe garauak, limoi azala eta azukrea ondo nahastu eta horri sua eman ostean, edari magikoa nahasten joaten dira queimada lortzeko, zorte ona erakartzeko konjuru eta guzti.
Domeka, azkenik, bereziriki haurrei zuzenduriko jai eguna izango da. Berritasun modura puzgarriak ipiniko dituztela aurreratu dute antolatzaileek. “Puzgarrietan jolasteko aukera egongo da doan. Oraingo honetan ez da egongo barrakarik”.
EGITARAUA:
- Irailak 20, barikua
- 12:00: Ekintza kulturalen hasiera Itsasaurre plazan eta galiziar gastronomiako produktuen salmenta.
- 13:00: Bermuth saioa Amigos del Swimg hirukoteagaz, Itsasaurren.
- 20:45: DJ Klag Klub eta Amigos del Swimg hirukotearen ikuskizuna, 02:00ak arte.
- Irailak 21, zapatua
- 12:00: Ekintza kulturalen hasiera Itsasaurren eta agurra agintariei Os Novos Mariñeiros ondarrutarren eta Markina-Xemeingo Zerutxu dantza taldearen eskutik. Galiziar gastronomiako produktuen salmenta.
- 13:00: Kalejira Ondarroako Galizia Etxeko Os Novos Mariñeiros gaita taldearen eskutik.
- 13:00: Bermuth saioa Barakaldoko Doce Lembranzas gaita eta dantza taldearen eta Markina-Xemeingo Zerutxu dantza taldearen eskutik, Itsasaurren.
- 20:45: Amigos del Swimg hirukotearen ikuskizuna.
- 23:00: Queimada handia.
- 23:30: Astarot taldearen kontzertua.
- 01:30: Amigos del Swimg hirukotearen ikuskizuna 02:30ak arte.
- Irailak 22, domeka
- 12:00: Ekintza kulturalen hasiera eta galiziar gastronomiako produktuen salmenta Itsasaurren.
- 12:00: Kalejira Laudioko Espalladoiro gaita eta dantza taldeagaz, Sestaoko Os Jarteiriños Nosa Xente taldeagaz eta Ondarroako Galizia Etxeko Os Novos Mariñeiros taldeagaz.
- 13:30: Bermuth saioa Voces Navarras jota taldearen eskutik.
- 14:30: Laudioko Espalladoiro gaita eta dantza taldearen eta Sestaoko Os Jarteiriños Nosa Xente taldearen ikuskizuna.
- 17:00: Puzgarriak.
- 18:00: DJ Zirkin.