Eskualdeko emakumeen arrauna osasuntsu dago etorkizunera begira
Nagore Osoro eta Nahia Aboitiz patroiek nabarmendu dutenez, denboraldi oso ona osatu dute Ondarroako eta Lekeitioko emakumeen traineruek. Aurrera begira ilusioz jarraitzeko asmoa dute eskualdeko bogalariek.
Arraunak estropuetan sartu eta emakumezkoen lehenengo trainerua itsasoratzea lortu dute aurten Ondarroako eta Lekeitioko arraun elkarteek. ETE ligako sailkapenean merezitako seigarren postua lortu dute lekeitiarrek eta bederatzigarrena ondarrutarrek. Gainera, Kontxako Banderaren sailkapen estropadan sekulako kasta erakutsi dute, eta estropada jokatzeko txartelik barik geratu baldin badira ere, zaleen errespetua poltsikoratu dute. Antiguako Ama-k 10. postuan amaitu zuen, eta Lekittarra-k 11.en postuan.
Ondarroako lehenengo traineruaren esperientzia erabat berria izan dela aitortu du Nagore Osoro entrenatzaile eta patroiak. “Oso pozik amaitu dugu, aurreikuspen guztiak gaindituta. Trainerua gazte mailako emakumeez beteta egon da, eta entrenatzaileak ere berriak izan gara. Denontzako esperientzia berria izan da. 9. postuan amaitu dugu ligan, eta harro gaude. Dena ez da irabaztea. Behetik gora joan gara, eta lehen estropadetan lortutako emaitza kaxkarrengatik ezin izan dugu lehen txandatik irten. Hori bai, besteen pare arraun egiteko aukera eduki dugunean haien pare ibili gara”.
Nahia Aboitiz Isuntzako emakumeen traineruaren patroiarentzat ere denboraldi “oso ona” egin dute. “Oso gustura amaitu dugu. Urtarrilean ez genekien trainerua uretaratu ahal izango genuen. Lehen helburua ETE ligan parte hartzea zen, eta, azkenean, 6. amaitu dugu. Guretzako hori nahi baino gehiago izan da. Ez genuen uste azken postuetatik asko urrunduko ginenik ere”.
Datorren denboraldiari begira lehiatzen jarraitzeko ilusioz daudela diote. Eta bide horretan, Ondarroan harrobitik trainerurako bidean etorkizuna ziurtatutako dagoela uste du Osorok. “Gazte asko dago klubean, baina guztiak trainerura ailegatu ahal izateko oso ondo zaindu behar ditugu. Ondarroako kluba alde horretatik lan bikaina egiten ari dela deritzot, baina joera horri eutsi behar diogu”. Taldea sendotzen joateko asmoa dute lekeitiarrek. “4-5 kadete gazte mailara pasako dira, eta horiek baietz erabakiz gero, gugaz ahal dute traineruan parte hartu. Kanpotik datozenentzat ere ateak zabalik ditugu beti”.