Berriatuko kioskoan egingo duten horma-irudia forma hartzen doa
Berritxuko Neskak taldearen ekimenez, horma-irudia diseinatzeko bigarren lan saioa egin dute Irantzu Lekue artista ezagunaren laguntzagaz; herriko eskolako LH5 eta LH6ko ikasleek lagunduko diete margoketan.
Kiosko ondoan mahai bat eta aulkiak jarri, eta borobilean aritu dira gaur [irailak 21, zapatua] horma-irudia diseinatzeko lanean. Orri zuri eta kartoietan idatzi dituzte irudikatu nahiko lituzketen ideiak, kontzeptuak, eta alorreka sailkatu dituzte ondoren, Irantzu Lekue artistaren laguntzagaz. Kondairak, koloreak, herriko ohiturak, historia, aldarriak, desioak… hori eta gehiago adieraziko duen artelana burutu nahi dute.
Eguenean, irailak 26, berriz elkartuko dira diseinua zehazteko. 18:30erako jarri dute ordua, kioskoan, eta herritar guztiak gonbidatu dituzte parte hartzera: “Horrela, denok izan ahalko gara sorkuntzaren parte, elkarlanaz, urteak eta urteak isladuta geratuko den artelanaren sortzaile”.
Margoketa. Diseinatzeko 1. fasea amaituta, margoketari ekingo diote urriaren 7tik 15era bitartean, oraindik zehazteko dauden egunetan. Horretan ere nahi duten guztiek parte hartu ahalko dute. Herriko eskolako LH5 eta LH6ko ikasleek ere esku bat botako dute koloreztatze lanetan.