Parte hartzaile kopurua bikoiztu du Tontorramendiko VI. Igoera Bertikalak
Aurrera Mendi Taldeko eta Ondarroako Gazte Asanbladako kideak oso pozik daude korrikalarien erantzunagaz. Maite Zabaletak eta Mikel Dieguezek egin dute igoera azkarren.
600 metro gutxiago eta ikusgarritasun handiagoa. Osagai horiek izan ditu gaur {irailak 21, zapatua] Ondarroako Gaztetxe aurretik aterata egin den VI. Tontorramendira Igoera Bertikalak. Ez hori bakarrik. Iaz 20 korrikalarik izena eman zuten lasterketan, eta gaurkoan 39 izan dira. Ondarroako Gazte Asanblada eta Aurrera Mendi Taldea pozik azaldu dira emaitzagaz, eta datorren urtean berriro ere antzerako datetan zazpigarren igoera antolatzeko gogotsu.
Parte hartzaileak ere gustura zeuden Gaztetxera bueltan. Igoera gogorra – zati batzuetan %70-75eko aldapa igo behar izan dute–, baina polita izan dela zioten, irribartsu. Ibilbidean izan dute bidelagunik. Senide eta lagunek animo eta txaloekin eman diete bultzada korrikalariei.
13:30ak pasatxo hasi da sari banaketa. Maite Zabaletak, Eneritz Basurkok eta Maite Gutierrezek osatu dute emakumeen podiuma; Mikel Dieguez, Ekain Martin eta Iñaki Goikoetxeak gizonezkoena. Gazteen mailan, Ekain Martin izan da irabazlea; bere atzetik sartu dira, bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren, Jon Feijoo eta Jon Artetxe. Gazte asanbladako azkarrenek ere izan dute saria. Jon Feijoo, Beñat Bidegain eta Beñat Eizagirre igo dira podiumera.
Denak irabazle. Parte hartzaile batik ez da geratu, dena dela, sari barik. Igoera bertikalaren helburua parte hartzea bultzatzea izanik –emakumeena bereziki– denak izan dira irabazleak. Horregatik, sagardo botila bana jaso dute opari. Antolatzaileek esan modura, “marka on bat baino garrantzitsuagoa da parte hartzea”.