Aitor Aulestia Ondarroako kirolari nekaezina hil da
Azken agurra gaur [irailak 23] emango diote Zarautzen. 19:00etan izango da hileta elizkizuna, Andra Mari Zeruratze parrokian. Bihar [irailak 24], bestalde, Ondarroako parrokian egingo dute Aulestiaren omenezko elizkizuna, 19:00etan.
Aitor Aulestia Urrutia kirolari ondarrutarra atzo [irailak 22] hil zen ezustean Zarautzen, 60 urte zituela. Kirolari ondarrutarraren bat-bateko heriotzaren berri jakin orduko bolo-bolo zabaldu zen albistea sare sozialen bidez; herriko kirol mundua atsekabetuta gelditu da. Ondarroa Saskibaloi Taldeko kideek bere samina adierazi dute sare sozialen bitartez.
Aulestia Zarautzen bizi zen aspaldidanik, eta Zumaiako kiroldegian lan egiten zuen, kirol monitore modura. Zumaiako Udalak bere doluminak eman eta babesa adierazi nahi izan dizkio Aulestiaren senide, lagun eta lankideei. “Aulestia Zumaiako udal kiroldegiko igeriketako monitorea izan zen urte askoan, eta udalak bere esker ona adierazi nahi du honek egindako lanagatik”. Ondarroako Udalak ere, era berean, bere doluminak eman nahi izan dizkio Aulestiaren hurrekoei.
Birritan transplantatu zuten giltzurrunetik. Bi aldietan, bizirik zeudenengandik jaso zuen giltzurruna. Lehen aldian, Gorka anaiak eman zion giltzurruna, eta bigarrenean, Virginia Esteban emazteak eman zion. 21 bat urtegaz lupus eritematosogaz gaixotu zen, eta ondorioz, bi giltzurrunak gelditu zitzaizkion. Sei urte dialisian egin ostean, 1987ko apirilaren 20an transplantatu zuten estreinako, Bartzelonan (Herrialde Katalanak). 2007ko abuztuan berriro gaixotu zen. Eta 18 hilabetez dialisia egin ostean, 2009ko otsailaren 11n Virgina emaztearen giltzurruna hartu zuen.
Asko maite zuen kirola Aulestiak. Kirolzale nekaezina zen, eta ibilbide luze bezain oparoa eduki du. Gazte denboran, besteak beste, arraunean eta futbolean aritu zen, eta bere alea Ondarroan emakumeen saskibaloia sustatzen ere jarri zuen. 1986 eta 1990 urte bitartean, Ondarru Saskibaloi Taldeko partaidea izan zen. Delegatu, entrenatzaile zein zuzendaritza batzordeko postuetan ibili zen.
Transplantu berri, kirola egiten hasi zen berriro, “osasuntsu mantentzeko”. Bizikletan eta igerian ibiltzen zen nagusiki, baina beste hainbat kirol diziplinatan ere oso trebea zen. Hasiera batean, kirol erronka txikiei ekin zien. Ebakuntza egin eta urtebetera, esaterako, Ondarroa eta Mutriku artean igeri ere egiten zuen. Transplantatu eta bi urtera, hainbat zikloturista probatan parte hartu zuen. Besteak beste, Frantziako Tourmalet, Aubisque, Luz Ardiden eta Espainiako Covadongako lakura igotzera ere animatu zen.
Ostean, transplantatuen goi mailako txapelketetan parte hartzen ere hasi zen. Zenbait urtez Europako eta Mundu mailako txapelketetan ere parte hartu zuen ondarrutarrak. Hainbatetan podiuma ere lortu zuen. 1990. urtean parte hartu zuen estreinako Espainiako transplantatuen txapelketan. Lau domina lortu zituen: igerian eta txirrindularitzan urrezko domina bana eta squashean zilarrezko bi domina.
Urtebete beranduago, VII. Munduko Txapelketan ere parte hartu zuen. 4. postua lortu zuen txirrindularitzan, eta 8. postuan 50 metro bular igerian. 1992. urtean Europako txirrindularitza txapelketan zilarrezko domina bi eskuratu zituen erlojuz kontra eta errepidean. Emaitzarik aipagarriena Sidneyn (Australia) jokatu zen Munduko Txapelketan lortu zuen. Zilarrezko domina bi lortu zituen txirrindularitzan, eta igerian ere oso postu onak lortu zituen. Espainiako txapelduna ere izan da igeriketan eta txirrindularitzan.
Bere kirol emaitza onak kontuan hartuta, Ondarroako Udalak kirolari onenaren saria eman zion 1991n. Hain justu, Munduko txapelketan emaitza bikainak lortu ostean. Baina ez da herriko kirolariek egin dioten aitortza bakarra izan. 2012ko kirol galan aipamen berezia jaso zuen Aulestiak, bere kirol ibilbide apartagatik.
Nahiz eta transplantatua izan, kirola pertsona arrunt batek modura egiteko aukera izan zuen, eta transplantatu ondoren ere bizi kalitate ona eraman daitekeela ikustarazteko, Elkartasun pedalkadak proiektuari ekin zion Gorka anaiagaz batera. Anaiak eman zion giltzurrunak 18 urte bete zituelako, 2005ko apirilean, ospakizun berezia antolatu zuten. Donejakue bidea osatu zuten mendiko bizikletekin; 732 kilometro egin zituzten denetara.