Aratz Mugertza mutrikuarrak bosgarren amaitu du Euskal Pentatloia
Txapel preziatua Xabier Zalduak jantzi du bigarren aldiz jarraian. Aizkolari mutrikuarrak iazko marka hobetzea lortu du.
VII. Euskal Pentatloi Txapelketaren final handia zapatu [irailak 21] gauean jokatu zuten, Azpeitiko zezen plazan. Aizkolari mutrikuarrak 43 minutu eta 3 segundotan amaitu zituen lanak. Eta iazko marka hobetzea lortu badu ere, aurten ez da podiumera igo. Finalaurrekoan bosgarren postuan amaitu zuen, eta finalean emaitza hobetzeko aukerarik gabe geratu zen.
Txapel preziatua Xabier Zalduak jantzi du bigarren aldiz jarraian. Sailkapenari dagokionez, Joseba Otaegik eta Xabier Orbegozo Arria V.akĀ eskuratu dituzte, hurrenez hurren, bigarren eta hirugarren postuak. Luis Txapartegik laugarren amaitu ditu lanak, eta Joxean Olaskoaga Aizperro-k, seigarren.
Lanei dagokienez, guztiek lan berak egin behar izan zituzten. 100 kiloko bolari 25 altxaldi eman behar izan zizkioten lehiakideek lehen proban. Giza proban bi plaza osatu zituzten ondoren 400 kiloko harriarekin, eta aizkoran kanaerdiko hiruna enbor moztu zituzten gero. 50na kiloko txingekin sei plaza bete zituzten, eta bukatzeko, 3 kilometroko korrika saioa egin zuten.
Kanporaketa fasean egindako denboraren arabera, bi txandatan banatuta aritu ziren kirolariak. Aizkolari mutrikuarrak Aizperroren eta Txapartegiren aurka neurtu behar izan zituen indarrak lehen txandan. Txapartegi nagusitu zen, dezenteko aldearekin. Txapartegik 41 minutu eta 40 segundo behar izan zituen lanak amaitzeko. Haren atzetik sailkatu zen Mugertza (43.03), eta lanak amaitzeko azkena izan zen Aizperro (45.28).
Bigarrengo txandan, berriz, Arria V.a, Otaegi eta Zaldua ibili ziren txapela irabazteko lehian nor baino nor indartsuago eta azkarrago. Lehia oso handia egon zen. Otaegi hasi zen aurretik, baina Zalduak korrikako zatian aurrea hartuta, bigarrenez irabazi zuen txapela. Arria izan zen bigarren txandako lanak amaitzen azkena.
SAILKAPENA:
1. Xabier Zaldua: 38:30
2. Joseba Otaegi: 39:01 (+0:31)
3. Arria V.a: 39.54: (+1:24)
4. Luis Txapartegi: 41:40 (+3:10)
5. Aratz Mugertza: 43:03 (+4:33)
6. Aizperro: 45:28 (+6:58)